GARA > Idatzia > Kultura

MIKEL KAZALIS | Matxura taldeko kidea

«Kantu bat sortzerakoan, burmuina, bihotza eta tripak dira lehen tresnak»

Euskal Herriko musika eszenan pertsonaia ezaguna da Mikel Kazalis. Estigia izeneko metal taldean eman zituen lehen pausoak 80ko hamarkadaren hasieran, gerora Anestesia, Negu Gorriak, Bi Kate edota Kuraia bezalako musika taldeetan gitarra eta baxua astintzeko. Azken boladan, ordea, musika elektronikoan murgildu da buru-belarri, musika eremu berrietara bidaiatuz. Hortik sortu da Matxura taldea.

p052_f01_199x120.jpg

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Euskal Herriko musika eszenako lau musikariren esperimentatzeko nahia dago Matxura taldearen sorburuan. Egitasmoa Mikel Kazalis (Anestesia, Negu Gorriak, Bi Kate, Kuraia...) ipurterrearen burmuinetik sortutakoa da, musika elektronikoan saiakera egin asmoz abiaturiko zirriborroei forma emateko sortu ere. Bidean, Fernando Apoa (El Corazon del Sapo, Kuraia, Estricalla), Aitor Abio (PiLT) eta Txarly Diaz (Gutural, Why Not?, Anestesia) erreklutatu ditu musika abentura berri honetarako. Emaitza, berriz, punk jarrera duen metal industrialez beteriko hamaika kantu indartsu eta oldarkor. Musikari bakoitzak bere ukitu propioa eman dio lanari. Fernandoren ahotsa inoiz baino distortsionatuagoa entzuten da kantuotan. Mikelek gitarrak gordinki sartu ditu, kantuen ideiak sortzearekin batera. Abiok izan du sintetizadoreen eta programaketen ardura, eta, Txarlyk, azkenik, gitarrak astindu ditu. Talde formazioari erreparatuz, bateria jotzailearen falta nabarmentzen da guztiaren gainetik. Gurean ez gaude oso ohiturik horrelako taldeak ikustera, baina musika elektronikoan oso errotuta dagoen joera da.

Taldearen musika oldarkorra bada, kantuen hitzek apokalipsira gerturatzen gaituzte: letra ilunak dira, non misantropia eta askatasuna diren hitzen ardatz nagusi. Finean, gure planetak bizi duen egoeraren kronika gogorra da; hondamena, heriotza, terrorismoa, suizidioa, suntsiketa... disko osoan errepikatzen diren hitzak dira. Errealitate krudelaren testigu zuzena.

Musika egitasmoa grabazio estudioko laborategian sortu da, aurrez entsegu lokaleko lana egin gabe. Teknologi berriak musikan ematen dituzten abantailak lagun, elkarrekin entsegu bakar bat egin gabe eman diote forma taldearen izen bera daraman diskoari. Fidelenea estudioetan sortua, azken bi urtetako lana biltzen da Bonberenea Ekintzak zigiluaren babesean argia ikusi duen lan honetan. Diskoan topa daitezkeen lankidetzen artean, berriz, Oreka TX-en txalaparta, Ibonen (Anestesia) ahots basatia, Ander Lipus antzerkigilearen mitina... Kantu guztiek, bat ezik, Mikel Kazalisen sinadura daramate. «Zer uste zenuten?» kantuak, berriz, Joseba Ponceren (Kuraia) musika darama, eta Imanol Epelderen hitzak («Komuneko Papera» laneko kantu batean oinarrituta).

Egun, taldea entsegu lokalean murgildu da zuzeneko emankizunak prestatzeko. 2012an hasiko dituzte kontzertuak, eta, bitartean, estudioko lan honekin konformatu beharko dugu.

Mikel Kazalis bera izan dugu mintzalagun elkarrizketa honetan. Berarekin ezagutu ditugu Matxuraren alde ezkutu denak.

Kuraia eta Anestesia lozorroan diren honetan, musika sortzeko beharra al zenuen? Hortik sortu al da Matxura?

Burua beti daukat musika sortzen, eta, unearen arabera, joera bat edo bestea nagusitzen da nire baitan. Azken bi urteotan estilo honetako abestiak atera zaizkit. Baina, agian, beste taldeak martxan izanez gero ere sortuko nuen talde hau, proiektu paralelo bezala, auskalo.

Matxura sortu aurretik Bi Kate egitasmoarekin saiakera egin zenuen. Bata bestearen jarraipen gisa izendatzea ez da ziurrenik guztiz zuzena, baina bada nolabaiteko harremana.

Bai. Nere bigarren saiakera da formula honekin; oinarri elektronikoak gitarra indartsuekin nahastuz, alegia. Baina zuk diozun bezala, aldaketa nabarmenak daude. Zerbait ikasi dugu urte hauetan gauzak hobeto egiteko, estudioa daukat gehiago esperimentatzeko eta azken emaitza hobeto kontrolatzeko; eta, batez ere, taldekide ikaragarri onak biltzea lortu dut.

Noiz sortu ziren Matxuraren lehen zirriborroak. Bozeto zaharrak dira edo azken urte honetan sorturiko kantuak?

Anestesiarekin ari nintzela banituen zirriborro asko ordenagailuan, baina beste estilo batekoak ziren, astunagoak eta ilunagoak. Baina gero, gelditu ginenean, joera aldatu eta amorru gehiago zuten zirriborro hauek egiten hasi nintzen. Bizi duzun egoerak bultzatzen zaitu hau edo bestea egitera. Eta hor hasi zen Matxura.

Kantuen zirriborroak aspaldikoak dira, beraz. Noiz hasten da da egitasmoa banda itxura hartzen?

Zirriborro batzuk nituen eta horiei forma txukunagoa eman nahian hasi nintzen lagunei deitzen. 2009an zehar izan zen.

Fernando Estricallarekin dabil buru-belarri egurra banatzen. Haatik, gauza gutxi jakin izan da Aitor Abiotaz PiLT utzi zuenetik. Gainera, bera izan zen taldera batzen lehena.

Bai, talde honen alde elektronikoa hobeto janzteko deitu nion Abiori, eta aukera ezin hobeagoa izan zen, maisua baita horrelako tresneria erabiltzen, talentu ikaragarria izateaz aparte. PiLTen garaitik nahiko desagertuta zegoen musika panoramatik, bai, eta asko poztu nintzen proiektu honek bueltatzera animatu zuenean. Eta Fernandoren kasuan, Estricallaren diskoa grabatzen ari ginela zirriborro horietako bat erakutsi nion, eta esan zidan hau zela gaur egungo punka eta ahotsak sartu nahi zituela. Ni, noski, pozik erabat.

Banda osatzeko, berriz, lagun zahar bat: Anestesian ibilitako Txarly. Berau ere azken urteotan DJen eta musika elektronikoaren munduan murgildua.

Bera ikusi gabe ere denbora asko pasa nuen Anestesia utzi zuenetik. Baina behin elkartu ginen eta esan zidan ondo egongo litzakeela zerbait egitea gure ideiak elkar trukatuz, denbora-pasa modura. Nik zirriborroak erakutsi nizkion, eta ondo iruditu zitzaion abian zen proiektura batzea. Musika indartsua eta elektronikoa ondo ezagutzen zituen, bai, beraz, erraza zen berak formula hau ulertzea.

Txarlyren sarrerarekin, beraz, banda osatua. Bateria jotzailerik gabe. Hori argi al zenuten hasieratik?

Argi ez zegoen ezer, baina erritmo elektronikoak egiten ari ginenez, ez genuen bateria jotzailearen beharrik ikusten. Oraingoz ezta ere, baina, agian, egun batean, bateria sartuko dugu, auskalo. Hala ere, hau ez da rock talde normal bat, beraz, ez zaigu eskatu behar rock talde klasiko baten egitura izatea.

Kantuak egiterakoan, gitarretatik sortzen dira edo makinak dira lehen lanabesa?

Burmuina da lehen tresna. Edo bihotza, edo tripak, nahi duzun bezala. Gero ideia hori gitarra riff bat bihur daiteke, edo ordenagailuan erritmo bat, edo sintetizadore melodia bat, baina hori gutxienekoa da. Tresnak ez du ideia sortzen. Buruak sortzen du edozein une edo egoeratan.

Hitzei so eginez, letra ilun eta apokaliptikoak dira. Horrelako musikak behar ditu holako hitzak. Anestesiarako ere balio zezaketen, ez?

Agian bai. Nik egin ditut hitzak, beraz, burmuin berdinetik irten dira Matxuran edo Anestesian. Eta joera bat izaten dugu denok sortzerakoan. Iluna eta apokaliptikoa mundua bera da; sistema baten gainbeheraren testigu izaten ari gara, eta gu horri musika jartzera gatoz. Misantropia eta askatasuna dira ardatz nagusiak. Gizakia planeta honetako terroristarik handiena delako, eta esklabotza modernoaren gero eta biktima gehiago daudelako, merkatukraziaren diktaduraren esklaboak.

Zenbateko garrantzia du ahotsak Matxuraren musikan. Beste tresna bat balitz bezala landu al duzue, garrantzi berdina emanez?

Bai, gure kasuan musika ez da hondo bat ahotsaren luzimendurako, dena bat eginik doa bloke baten modura. Distortsionatuta, gainera.

Laster hasiko zarete zuzeneko emanaldiekin. Zein formatutan egingo duzue? Zuzeneko bateria egongo da? Eszenografia edo irudiak izanen dira?

Oraindik denbora apur bat beharko dugu, oso lanpetuta ibili gara beste gauzekin, eta orain ere lana izango dugu zuzenerako dena prestatzen. Formatua, oinarri elektronikoak nola eraman, bideoa ere prestatu nahi dugu abestiak gehiago indartzeko, asko entseatu nahi dugu elementu guztiak ondo uztartzeko... Orain arte diskoa egiteaz arduratu gara bakarrik, eta orain zuzeneko talde bat bihurtu beharra dugu. Presarik gabe. Datorren urtearen hasieran egurra ematen hastea espero dugu.

 
BI KATE

«Bi Kate izan zen oinarri elektronikoak eta gitarra indartsuak nahasteko lehen saiakera. Zerbait ikasi genuen, eta orain estudioa dut esperimentatzeko»

SORRERA

«Anestesia taldearentzako egokiak ez ziren kantuak batzen hasi nintzen ordenagailuan. Astunagoak eta ilunagoak ziren. Hor hasi zen dena»

TALDEA

«Erritmo elektronikoak lantzen ditugu eta ez dugu bateria jotzailerik. Ez gara ohiko rock talde bat; beraz, ez zaigu egitura klasikoa izatea eskatu behar»

ZUZENEAN

«Orain arte diskoa egiteaz arduratu gara bakarrik, eta, orain, zuzeneko talde bihurtu beharra dugu. Datorren urtean egurra ematen hastea espero dugu»

«Musika egiterakoan amorrua da gehien transmititzen dudan sentimendua»

Diskoa «Odol Berria» kantuarekin abiatzen da, «Gora ta gora» kantuaren sanplerra. Hitzetan, berriz, trikiti distortsionatua aipatzen da, txapela kendu eta RHa zikintzen hastearekin batera. Odol berria behar da musikan ere...

Bai, bizi legea da, zaharra hil eta berria jaio, ez badugu nahi ustelduta bizi behintzat. Utikan tradizionalismo integristak. Ezin gara iraultzaile izan beti eskema berdinak errepikatuz.

«Hazten eta ikasten»... musikan ere ezinbesteko jarduera da ikasketa! Zu ere, beti gauza berriak probatzeko nahian zabiltza.

Hil arte, eta agian gero ere, ez da ikasketa bukatzen, ez da eskola garaiko kontua bakarrik. Eta ikasi beharreko gauzetako bat, oso garrantzitsua, desikastea da. Askotan ideia batzuk atera egin behar dira burutik, berriei tokia egiteko.

PiLT taldearen «Hil da jainkoa» kantua berreskuratu duzue. Betiere, oso modu erradikalean! Oso kantu ezaguna da gurean, eta zuen moldaketak bat baino gehiago aztoratuko du. Apurtzea zen helburua?

Bai, apurtzea. Abiok proposatu zidan gure beste taldeen bertsioak egitea, eta handik gutxira nik hau aurkeztu nion. Banekien gustatuko zitzaiola, eta halaxe izan zen. Muturreraino eraman dugu dena abesti honekin, alde gogorrena eta lasaiena baitaude bere baitan. Eta diskoko hitzetan heriotza, erlijioa eta askatasuna asko azaltzen direnez, abesti ezin egokiagoa zen bertan egoteko.

Disko osoan egurra banatzen duzue, kantu oldarkor eta basatiak nagusitzen direlarik. «Beranduegi» kantua, berriz, oso ezberdina da ahots lanketari eta musikari dagokionean.

Orokorrean amorrua da gehien transmititzen dudan sentimendua musika egiterakoan, baina batzuetan amorruaz aparte ere beste sentimendu batzuk izaten ditut, eta abesti honetan bidea eman nien. Tristura, malenkonia, bakardadea... baina baita amorrua ere; horiek denak daude abesti honetan. Eta inoiz egin dudan abestirik melodikoena da. Oso gustura nago abesti hau egin izanaz. Preso hil direnenei eskainita dago, bereziki niretzat oso garrantzitsua izan zen pertsona bati.

K.O.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo