GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Euskal jokalariak

Solabarrieta: «Ez dago gaizki, baina Melilla berezia da»

Ondarroako jokalaria aurten joan da Afrika aldera. Kultura oso ezberdineko jendea topatu du, baina taldea animatzera ez dira, antza, gehiegi joaten.

p036_f01.jpg

Jon LEUNDA

Futboletik bizi ahal izateko Euskal Herria utzi behar izan duen horietakoa da Aritz Solabarrieta. Ondarroakoa izanik, herriko taldean hasi zen jokatzen, eta hortik Athleticera joan zen. Eibar, Atletico Madril, Jaen, Palentzia eta Melilla izan dira bere taldeak, eta azken honetan ari da orain, Bigarren B Mailan.

«Iaz Palentzia taldean jokatu nuen, eta aurten libre geratu nintzen. Izan nituen eskaintzen artean Melillarena zen niretzat onena, bai kirol arloan, baita ekonomia arloan ere», dio Ondarroakoak. «Melilla diruz ongi dabilen taldea da. Hau autonomia erkidego bat da, eta diru laguntza asko jasotzen dute. Gaur egun futbola dagoen moduan egonda, kobratuko duzun segurtasuna izatea oso garrantzitsua da, eta, alde horretatik, Melillan ez dago inongo arazorik», gaineratu du Melillara joan berri den erdilari bizkaitarrak.

Diru arazorik izan ez arren, zaletasun handirik ez dagoela esaten du. «Hau oso herri berezia da. Kultura ezberdinetako jendea bizi da. Etxean jokatzen dugun partidetan 1.000 ikusle inguru izaten dira, neurketa oso garrantzitsua baldin bada, agian 1.500, baina gehiago ez. 80.000 pertsona bizi diren hiri batean 1.000 ikusle bakarrik joanda, taldearen sentimendua nolakoa den ikusten da», dio.

Igoera fasea

Hala ere, futbolaren kasua ez omen da bakarra. «Saskibaloian ere talde garrantzitsu bat dago Melillan, baina horien egoera ere bertsua da. Diru aldetik ongi, baina jende gutxi joaten zaie ikustera. Honek ez dauka guk ezagutzen ditugun herri edo hiriekin zerikusirik. Oso ezberdina da», aitortu du.

Taldearen helburua Bigarren Mailarako igoera fasea jokatzea da. «Play offa jokatzea da helburua, eta zer nolako taldea den kontuan hartuta, lehen postua ere izan beharko luke. Multzo hau euskal taldeak daudena baino samurragoa da. Hemen Cadiz daukagu talde gogorra, baina hori ere gainditu dezakegula uste dugu. Futbola nola dagoen ikusita, eta Melillak futbolariari ematen dion segurtasunarekin, uste dut oso talde onak izateko aukerak izango dituela, eta horretaz baliatu behar dugu aurrean ibiltzeko, eta ahal bada igotzeko», deritzo Aritz Solabarrietak.

Hori bai, duten presioa beraiek jartzen dutena omen da. «Guk ikusten dugu talde ona daukagula, eta lehen postu horren bila borrokatu behar garela, horrela Bigarren Mailara igotzeko aukera handiagoa izango baitugu», dio. Bizitzeko leku txarra ere ez da, bere hitzetan. «Leku berezia da, oso era ezberdineko jendea bizi da, baina ez da bizimodu txarra hemengoa. Dena dela, futbolariok ez dugu asko behar bizitzeko», amaitu du jarduna Aritzek.

Palentzia taldeak zor dion dirua ez du oraindik jaso jokalari bizkaitarrak

Aritz Solabarrietak ezagutu du fubolaren alderik garratzenetakoa ere. Jaenen eta Palentzian dirua kobratzeko arazoak izan ditu, eta Gaztela Leongo taldea oraindik zorretan dago.

«Jaenen zor zidatena kobratu nuen, baina horretarako jokalariok lortu behar izan genuen dirua, lan handia egin ostean. Play offetan harmailak bete genituen, eta zaleen laguntzarekin lortu genuen. Palentziakoa ez dut kobratu. Salaketa jarri genien, baina uztailean kendu genuen, berehala ordainduko zutela agindu baitziguten, baina oraindik ez dugu ezer ikusi. Hala ere, diru hori ez galtzea espero dut», esan du Aritzek.

J.L.

egoera ona

Melilla taldearen egoera oso ona da. Diru laguntza asko jasotzen du, eta taldeak segurtasuna eskaintzen die jokalariei, badakitelako hilabete amaieran soldata jasoko dutela. Futbolaren egungo egoera aintzat hartuta, oso garrantzitsua da hori.

igoera fasea

Aritz Solabarrietak dioenaren arabera, oso talde ona daukate aurten. Igoera fasea jokatzeaz gain, multzoko lehenengoa izan nahi dute, horrela Bigarren Mailara igotzeko askoz ere aukera handiagoak izango dituztelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo