Andres Urrutia Euskaltzainburua
Euskaltzaindia eta Luis Villasante: euskararen ikergune berria
Izanak izena dakar, hala esan ohi da euskaraz. Horrexegatik izendatu du euskararen Akademiak ikergune berria Luis Villasante izenarekin eta hala onetsi du Tafallan egin duen bilkuran
Aspalditik ari da Euskaltzaindia, euskararen Akademia, eguneratze prozesuan murgilduta, hala helburuetan nola baliabideetan. Urrats esanguratsuak izan dira ibilbide horretan euskaltzain berriak sartzea mota desberdinetan: ohorezko, emeritu, oso zein urgazleak. Orobat, finantziazio bide egonkorrak bilatu dira eta areago, ikerkuntza egitasmoak ere ondu dira, egungo parametroen araberako kalitate eta gizarteratze maila betetzen dutenak.
Egia esan, Akademia sortzetik bertatik ari da ikerkuntza lanetan. Izan ere, sorreratik bertatik laurogeita hamar urte baino gehiago igaro direnean, beharrean dihardu , dela ikerkuntza arloan -IKER saila-, dela hizkuntzaren sustatze eta gizarte zabaltzearen arloan -JAGON saila-. Hainbatez, bikoiztasun horrek ematen dio berezko nortasuna euskararen Akademiari, inguruan diren beste hizkuntza akademien aurrean.
Egun, hala ere, Akademiak egin beharreko ikerkuntzak aintzat hartu behar ditu, besteak beste, halako ardatzak, ezinbesteko direnak Euskaltzaindiaren moduko erakunde bati galdatu behar zaionaren arabera, berori baita, euskarari dagokionez, erakunde aholku emaile ofiziala:
Lehena da ikerkuntza lan hori modu koordinatu batean egiteko premia, egun ikerkuntza arloan diren unibertsitate, hizkuntzaren industria, hizkuntza eragile, irakaskuntza, administrazio publiko eta, orokorrean, euskalgintzaren inguruan ari direnekin. Egin ere, azken urteetan Euskaltzaindiak halako hitzarmenak egin ditu horietako hainbatekin, zertarako eta euskararen esparruan sare iraunkorra ehotzeko, euskarari gizartearen bermea ekarriko diona.
Bigarrena dator beste ikuspegi batetik, hau da, ikerkuntza lan hori taldeka egitetik, talde horietara biltzen direla hainbat ikertzaile eta aztertzaile. Talde horiek dira garai bateko izen eta sona handiko euskaltzale haien lanari segida eman behar diotenak. Horra Akademiaren beste erronka, eta horretarako ere gehitu zaio Akademiaren barruan, lehenagoko lan moldeari, alegia, osoko bilkuraren eta batzordeen lanari, ikerkuntza taldeen ahalegina, hortxe egon daitekeelako gakoa aurrera egiteko, batez ere, talde horiek diziplinartekoak badira, hizkuntza bera, gizartearen barnean errotua egon eta aditu askoren eginahalak eskatzen baititu.
Hirugarrena dator egun teknologia berriek dakartzaten abantailak profitatzetik, egun guztiz egingarria baita corpus handiak eratzea eta antolatzea, horietan den hizkuntzari buruzko informazioa ukaezinezko oinarria dela hizkuntzaren normatibizaziorako eta gizarte zabalkunderako. Horretan ere, zer esanik ez dago, Euskaltzaindiak gizarteari itzultzen dio, honek ematen dion finantziazio publikoa, guztion baliabideekin ontzen dena.
Laugarrena dator Akademiaren baliabide ekonomiko eta finantzazkoen kudeaketa egokiaren aldetik, irtenbide egokiak bilatuz eta emaitzak gizartean islatuz, are gehiago oraingo garai zail eta latzetan. Horretan ere badabil Euskaltzaindia eta aurki izango du abian bere lehen plan estrategikoa, erakundearen erradiografiarekin batera, egungo inguruabarrei egokitutako kudeaketa-tresnak emango dizkiguna.
Bosgarrena dator beste bide batetik, hain zuzen, ezagutza eta jakituria gizarteratzearen aldetik. Nahitaezko zimentarria da hori euskararen normatibizazio arloan erabaki egokiak hartzeko eta bere estatusa normaltzeko gure gizartean.
Ardatz horiek aurrera eramateko, Euskaltzaindiak jaso du TOLARE eraikinaren erabilera, Donostiako udalaren aldetik. Erabilera lagapen horrek ahalbidetuko du, besteak beste, Gipuzkoan Akademiak dituen talde guztiak bateratzea, Gipuzkoako ordezkaritzarekin batera. Halakoa ekarri du erakunde askoren ekimenak, horien artean, lehen-lehenik Donostiako udalarenak, Odon Elorza alkate ohiaren bidez. Orobat, Gipuzkoak Foru Aldundiak, Espainiako Gobernuak eta Euskaltzaindiaren eginkizunak babesten dituzten osterantzeko erakundeek, Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Nafarroako Gobernuak, Euskararen Erakunde Publikoak, hainbat udal eta erakunde pribatuk, hala nola kutxa, BBK eta Euskadiko kutxak.
Izanak izena dakar, hala esan ohi da euskaraz. Horrexegatik izendatu du euskararen Akademiak ikergune berria Luis Villasante izenarekin eta hala onetsi du Tafallan egin duen bilkuran. Hartara, euskaltzainburu ohiaren gomuta ohoratzen dugu, bera izan baitzen euskara batua eta ikerkuntza zereginak bultzatu zituenak Akademiaren barruan. Gisa horretan, haren izenak aldamenean ditu, bateko, Carlos Santamaria ohorezko euskaltzainarena, horrek izena eman baitio Euskal Herriko Unibertsitatearen biblioteka berriari eta, besteko, Koldo Mitxelena euskaltzain osoarena, egunero barreiatzen dena Donostiako kulturunearen ekintzaren bidez. Aurrerantzean, bistan da, batera izango dira hiruok gure oroimenean, euskara eta euskal kulturaren inguruan.