GARA > Idatzia > Kultura

Haizea BARCENILLA Arte komisarioa

Rouffignac

Rouffignaceko kobazulora sartzeko tren txiki bat antolatu dute. Izan ere, kilometro bat barneratu beharra dago historiaurreko margo aipagarriak ikusteko. Gaur lau metroko sabaian aurkezten bazaizkigu ere, lurzorua askoz ere altuago zegoen egin zirenean eta galeriak metro eskasa zuen. Lau hankatan sartzen ziren orain dela 14.000 urteko gizakiak, eta zoruan etzanda margotzen zuten, animalien koipeaz egindako lanpara txikiekin argiztatuta. Gela honen ondoan hamabi metroko sakonerako zulo bat dago, eta behean, beste hamahiru margo, tartean gizaki buru bat, oso kasu berezia historiaurreko artean.

Leizeetako lehen margoak aurkitzean, zenbait ikerlarik «artea arteagatik» zela esan zuten, hots, gizakiak bere ingurua edertasunaz irudikatzeko duen beharraren froga. Laster baztertu zen ideia hura. Bultzada pertsonal bati erantzuteko bazen, zergatik horrelako leku ezkutatuetan, heltzeko horren zailak? Zergatik animalia eta orden zehatz batzuk?

Ez dakigu. Badakigu logika bat ezkutatzen dela Rouffignaceko mamuten marrazkien atzean; hainbat haitzulotan haien eskuen profilak utzi zizkiguten pertsonek, geure aitzindariek, egiten zutena egiteko arrazoiak zituztela. Baina Rouffignacen gidak zioenez, ez dugu haien testuingurua, gizartea, balore eta sinesmen sistema ezagutzen: arrastoak ditugu, baina kultura falta zaigu. Nahiz eta animalia ezagunak erakutsi, hermetikoa da guretzako haitzuloetako artea.

Eta neure buruari esaten diot, zentzu horretan, artea ez dela azken 14.000 urteotan asko aldatu: kultura-testuingururik gabe, galdera asko eta erantzunik ez sortzen duen irudi ederren multzoa besterik ez da.