GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Gehiengoak ospatu ez duen jai egun asmatua

Lakuako Gobernuaren eskutik, eta Eusko Legebiltzarrean gaur egun dagoen gehiengo artifizialak lagunduta, urriaren 25a jai eguna da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Estatutua onartu zeneko urteurrena ospatzeko. Iragarri bezala, Patxi Lopezek, eta bere exekutiboari sostengua ematen dioten alderdiek, Lehendakaritzan ekitaldia egin zuten atzo, eta herritar askok, legez ezarritako jai egunari probetxu atera zioten. Beste askok, aldiz, egunero bezala lan egin zuten, eta, lan egin edo ez, gehiengo handi batek ez zuen ospatzeko ezer ikusi. Izan ere, lehendakariak atzokoa «denon jaia» zela esan arren, agerikoa da ospakizun asmatua dela urriaren 25ekoa, eta euskal gizarteak, kasu honetan hiru herrialde horietan bizi diren herritarrek, ez dutela bere egiten. Kontrakotasuna handiagoa da aldekotasuna baino.

Lopezen asmoa herritar guztiek onar dezaketen jai eguna ezartzea bada, hobe luke jarrera alderdikoia alde batera utzi eta alde batek bakarrik, kasu honetan gutxiengo batek, ontzat hartzen duen datarik ez hautatzea. Izan ere, berak jakin badaki duela 32 urte onartutako Estatutuak orduan jada aurkari asko izan bazituen, gaur egun askoz ere gehiago direla oraindik eredutzat hartzen ez dutenak. Hobe lukete lehendakariak eta bere alderdiak egungo prozesua azken muturrera eramaten saiatzea, gizarte osoak benetan ospatuko lukeen egun bat existitu dadin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo