GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Ez saiatu gabe behintzat

ETAren adierazpen historikoak erreakzio eremua zabaldu du nonahi, baina digestio ezberdinak eragin ditu Euskal Herriko zein Estatu frantseseko eta espainoleko alderdien artean. Mesfidantzatik, estrategiatik eta aurrerakoitasunetik irentsi dira azken egunotan erakunde armatuaren hitzak, nork bere urdaila ahalik eta gehien babestuz betiere.

Bakealdi hasiera dirudien honen «mozkorraldiak» zirrosia eragin dezakeen beldurrez-edo, eta gaixotasun kroniko bilakatzeko arriskuaren aurrean, ordulari biologikoak egokitzeko ordua heldu zaio euskal gizarteko errealitate askotarikoari. Izan ere, orain arte mahai gainean jarri den alkoholik aratzena da alderdi politikoek, eta batez ere euskal gizarteak, aurrez aurre ikus dezaketen botila erdi beteak (eta ez erdi hutsak, behingoagatik) gordetzen duena.

Azken urteetan ihaurri diren tantak berreskuratu ezinda, botila hustea baino aberasgarriagoa litzateke, bidean galdutakoaren izenean, beste erdia betetzen joatea, nork bere edariaz.

Prozesu berrirako osagaiak pilatu dira dagoeneko; edabe magikoarekin asmatzea izango da etorkizuneko gakoa. Baina horrek ez luke Coca-Colaren sekretu gordea izan behar, kolektiboki emandako osagaien batuketaren emaitza baizik.

Agertoki berri baterantz orientatutako leihoari zirrikitua zabaldu zaio eta denok jarri gara norabide berera begira. Printza berriek ere beren lekua hartu dute, ainubean denbora gehiegiz bizi izan den etxe honetan. Ruperrek ohartarazi zigun aspaldi.

Nora begiratua badugu, beraz, baita nondik edana eta nori eskainia ere. Mahaia atondu eta bere inguruan esertzea geratzen zaigu orain. Aulki batzuk bete dira, eta besteak betetzear daude.

Kanpotik ate joka aritu zaizkigu nazioarteko adituak. Harrera egin diegu, etxean sartu ditugu, eta gonbidatuen gela erreserbatu diegu hurrengoetarako. Badakite non bizi garen, eta nola antolatu genuen aspaldi bizilekua. Berritzeko proiektua behar du, ordea. Denok etxean izatea falta da oraindik, ipurdi bakoitzak dagokion eserlekua har dezan. Ez gehiago eta ez gutxiago. Hainbeste urtetan goratutako elkarrizketari zor gatzaizkio egun, eta ezin hari bizkar eman; ez saiatu gabe behintzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo