EITBk inbertsioa eta gastuak nabarmen murriztuko ditu 2012an
Kultura Sailak diru laguntzak murriztu izanak (10,2 milioi) eta publizitatearen beheranzko joerak (%9 espero dute datorren urterako) EITB Taldearen 2012. urteko gastu aurrekontuan eragin zuzena izango dute: aurrekontuak murrizteaz gain, inbertsioa ere gutxituko dute.GARA | DONOSTIA
ETBko Administrazio Kontseiluak azken bileran erabakitakoaren arabera, euskal irrati eta telebista publikoak datorren urterako duen gastu aurrekontuak 11,9 milioi euro gutxiago izango ditu, 2011koarekin alderatuz. Inbertsioei dagokien aurrekontutik ere beste bi milioi gutxituko ditu. Horrenbestez, taldearen ustiapen aurrekontua 177,5 milioi eurotik 165,6 milioira pasatuko da eta inbertsioei dagokiena, 10 milioitik 8ra.
Bi dira, hain zuzen, gastuen aurrekontuan 11,9 milioi euroko murrizketa hori onartzeko arrazoiak. Batetik, Kultura Sailak diru laguntza 134,1 milioi eurotik 123,9ra murriztu izana. Bestetik, berezko diru sarrerak 31,1 milioi izango zirela aurreikusi zuten 2011rako, eta 2012an 28,2 milioi izango direla zehaztu da. Berezko diru sarrerak 2,9 milioi eurotan murriztea, Estatuko publizitate merkatuak bizi duen beheranzko joeraren eragina da, bereziki telebistari dagokionez. Gaur-gaurkoz, %9ko jaitsiera gertatu da iazkoarekin alderatuta.
Egoera horri aurre egiteko, EITB Taldeak aurrezte eta herstura plan bat ezarriko du eta kudeaketaren hainbat esparrutan izango du eragina horrek. Ez dituzte, oraingoz behintzat, langileen erretiroak bultzatuko, ezta Miramongo egoitza itxiko (bi proposamen horiek mahai gainean izan arren), baina beste hainbat neurri hartuko dituzte. Horien artean, kanpo zerbitzuen eta gastu orokorren murrizketak (garbiketa, telefonistak, zerbitzariak, promozioa eta abar), bai eta hornikuntzari dagozkionak. Pertsonal saileko gastuei dagokienez, 2011ko aurrekontuaren aldean, 2,9 milioi euro gutxiago izango da 2012an; gastu orokorren %35 izango litzateke, 58,2 milioi euro. Horretarako, batetik, soldatei eutsiko dietela iragarri zuten eta, bestetik, taldeko batez besteko langile kopurua murriztuko dute, behin-behinekoak gutxituz.
Kapital aurrekontuak 2 milioi euro egingo du behera, 10 milioitik 8ra, baina horrek ez du eragingo Bereizmen Handiko Telebistaren ezartze prozesuan, Administrazio Kontseiluak esandakoaren arabera. Beraz, 2011. urte amaierarako bereizmen handiko emisioa hasteko prest izango dela esan zuten. Euskaltelen kable bidez hedatuko da ETB HD kanala, hain zuzen. 2012an Lurreko Telebista Digitalaren bidezko emisioa prest izango da.
Administrazio Kontseiluak hauteskunde tarteen banaketaren gainean EITBren Zuzendaritza Nagusiak egindako proposamena onartu du. Euskarri bakoitzean PSE-EEk eta EAJk 45 minutu izango dituzte; PPk, 30 minutu; EB-IU eta UPyD alderdiek, 15 minutu; eta hauteskundeetara lehen aldiz aurkeztuko diren alderdiek, horien artean Amaiur koalizioak, 10 minutuko tartea izango dute.