Iruñerriko gazte independentisten aldeko makina bat mobilizazio jarri dituzte martxan
GARA | IRUÑEA
Mobilizazio andana izango dira datozen egunetan Iruñerrian. Barañainen, ostiralean, «Stop juicios politicos-Barañaingo gazteria aurrera» lemapean manifestazioa egingo dute (19.00etan Carrefour ondotik abiatuta), atzo egindako prentsaurrekoan herritarrek azaldu zutenez. Barañaingo zazpi gazteren aurka azaroaren 2tik 4ra egingo den «epaiketa politikoa» salatuko dute.
Arlo ezberdinetako 250 barañaindarren babesa jaso du manifestazioak, besteak beste, irakasle, zinegotzi, udal langile, herri kolektibo, merkatari edo kirolariak. Ostiraleko manifestazioan «herri harresia» osatzeko deia egin zuten atzoko prentsaurrekoan.
Bestalde, Iruñeko Txantrea auzoan ere manifestazioa egingo dute igandean, 17.00etan, Sabicas plazan, «euren militantzia eta jarduera politikoagatik segika dituzten guztiei» babes osoa eskaintzeko.
Deitzaileek Josu Esparza auzokidearen egoera ere izan zuten hizpide, bere aurkako bi euroagindu baititu. Espetxean dauden Ander Maeztu eta Izaskun Goñi ere gogoan izan zituzten, baita Askapenaren aurkako sumarioan auzipetutako David Soto ere.