TOP 14
Biarritzek ezin ditu gauzak egiten ari dena baino okerrago egin
Akabo, Biarritzek ez dauka gauzak okerrago egiterik. Sailkapeneko azken postuan jarraituko du, bederatzi jardunalditan partida bakarra irabazita, eta itxura oso eskasa emanez. Atzo lehen sailkatuaren aurka jokatu zuen, partida zaila zen, baina egin zuena benetan negargarria izan zen.
Ez aurrean ez atzean, denetan gaizki, zuloak leku guztietan, eta Clermont nahi bezala jokatuz. Hala, 7. minuturako 14-0 zen aurretik etxeko taldea. Zuri-gorriak zelaian jartzerako, gauzatutako bi entsegu hartuta zeuden etxekoak, eta hortik aurrera Laguisquetek zuzentzen dituen mutilek ez zuten aurkariei erraztasunak ematea baino gehiago egin. Ez da normala goian ibiltzeko asmoz eraikitako talde bat ematen ari den itxura ematen aritzea; kontuak kontu, gauzak erabat itsustu dira Biarritzen. Jadanik ez du balio Munduko Kopa aitzakia gisa jartzea, txapelketa amaitu baita.
Atzo Frantziarekin aritu direnak ez zuten jokatu, eta badirudi datorren asteburuan Anoetako derbian arituko direla. Zuri-gorriek zerbaiten beharra badute, bestela urtea oso luzea eta txarra izango baita Olympiqueko zale guztientzat.