GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

eskalada Era askean

«Century crack», muturreko «offwidht»-a sokada britainiar batentzat

Pasa den hilak 5ean, Tom Randall eta Pete Whittaker eskalatzaileek 40 metro luze den artesi zabala kateatu zuten. AEBetako White Rimen dagoen «offwidth»-a munduko gogorrena izan daiteke; bertako eskalan, 5.14.

p051_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA I

Nahiz eta ingurumari honetan offwidth estiloak ez duen jarraitzaile zein espezialistarik, noizean behin ez dago soberan aipatzea munduan zehar, batez ere Ameriketako Estatu Batuetan, oso jarduera interesgarriak sinatzen direla. Azkena, White Rim (Canyonlands, Utah) alderditik iritsi zaigu. Protagonistak bi eskalatzaile britainiar: Tom Randall eta Pete Whittaker. Kateatu duten bidea: «Century crack».

Inoiz izaera horretako artesi zabalak eskalatu dituenak jakin badaki oso teknika berezia behar dela hauetatik igo ahal izateko. Eta muturreko zailtasuna dutenean askok eta askok ez dute imajinatu ere egin nahi zer-nolako eskaladak izaten diren.

Pasa den hilak 5ean, Randall eta Whittakerrek osatutako sokada britainiarrak «Century crack» bidea sinatzeko ohorea izan zuen. Hori bai, ingurumari hartako etika alde batera utzita, zintak jarrita eskalatu zuten; hots, pinkpoint estiloan. Ez da batere ohikoa estilo hori erabiltzea, baina protagonistek argitu nahi izan dute beste erremediorik ez zutela izan: «Jakina, bide hori eskalatzeko modu egokiena eskalatzen duzun bitartean seguruak eta zintak jartzea da. Guretzat hori egitea ezinezkoa izan zen; izan ere, bide hori probatzeko soilik bi egun genituen. Hala ere, jakin badakigu posiblea dela hango etika errespetatuz bide hori eskalatzea».

Munduko zailena?

Bidearen bilakaerak pasarte interesgarriak ditu. Steve Bartlett estatubatuarra aitzindaria da offwidht estiloan. Azken 25 urteotan jo eta ke jardun du bideak zabaltzen eta eskalatzen. 40 metro luze den artesi zabal hori lehen aldiz 2001. urtean eskalatu zuen; hori bai, artifizialean (A1). «Chocolate starfish» izena jarri zion. Oso marra ikusgarria denez, bai ingurumari hartatik bai mundu zabaletik hainbat espezialista hurbildu dira; besteak beste, Steve Haston britainiarra. Jakina, helburua era askean eskalatzea zen; baina, saio guztiek ez zuten korapiloa askatzeko aukerarik izan. Bidearen gogortasuna ikusirik, Hastonek baimena eskatu zion Bartletti marraren izena aldatzeko. Eta, baiezkoa jaso ondoren, «Century crack» (Mendeko artesia) izena jarri zion.

Aurreratu dugun legez, azken hamar urteotan bide horrek saio asko jaso ditu. Azkenean, britainiarrak izan dira kateatu duten lehenak. Bidearen lehen zatia bertikala bada ere, zailtasun gogorrenak sabai horizontalean ditu. Marra hori gainditu ahal izateko, Randall eta Whittakerrek bi urte jardun dute gogor entrenatzen.

Nahiz eta bidea eskalatu zuten, eskalatzaileok ez dute proposamenik egin. Batzuk diote 5.14 zailtasuna (gure 8c graduaren inguruan) duela. Munduko zailena den edo ez, baieztatzeke dago. Argi dagoena da oso bide ona eta ikusgarria dela, eta, momentuz, era askean igoera bakarra duela. Bartlettek, bederen, britainiarrak zoriondu nahi izan ditu: «Inoiz ikusi dudan kateatze onenak izan dira. Lynn Hill, Skip Guerin, Jerry Mofatt, Been Moon eta beste eskalatzaile batzuk ikusi ditut, baina sokada honek egin duena txapela kentzeko modukoa da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo