GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

ITSASOA

Ur jantzi, belaunaldi eta gogo kontuak

p054_f03_2.jpg

SURFLARI ERNEGATUA I

Beso motzeko txalekoa zen nire lehen neoprenoa. Beltza, alboetan kolore arrosako bi marra deigarrirekin; eta bularrezurra birrintzen zidan kremailera handi bat zuen aurrealdean, gerritik lepora bidean. Gorputz atal guztietara odola jaurtitzen duen motortxoa dugun eremuan, berriz, kolore argitan “Rip Curl” zioen petatxua zuen. Ez dut oroitzen zenbait ordaindu nuen, baina anaia surflariak zituzten Harritxu eta Leire ahizpei erosi niela oroitzen dut, ikastolako nire gelakide bikiei. Antza, haien anaietako batek txapelketaren batean txaleko hura irabazi zuen eta sosa batzuk atera asmoz saldu nahi zuen. Berri-berria zen.

Etxera bidean neoprenoa usaintzen nuen, gaur oraindik, zenbait neopreno esku artean ditudanean, oroitzen dudan usaina. Etxean, bainuontzia ur hotzarekin bete, eta, jarraian, neoprenozko txalekoa jantzita, baldosa hotzetik ur hotzetarako bidea egin nuen. Gorputz osoa sartu nuen uretan eta etzanda geratu nintzen denbora batez. Atera nintzenean ezpainak zuri-zuri nituen, gorputza dardarka, koskabiloak oliba hezur bihurtuta, eta txori txikiak berak ere alde egin zidan, edo ez nuen ikusten behintzat! Komunetik atera nintzenean ia ezin nuen hitzik ere egin, baina, hala ere, kafesne bero bat hartzeko esaten zidan nire amari, ezetz esaten nion, ez nuela batere hotzik pasa, neopreno hura bezalakorik ez zegoela, ez nuela ur hotza sentitu ere egin.

Urte batzuk beranduago neopreno luzea erosi genuen Xiflok eta biok, Rip Curl markakoa berriz ere. Orduan, oraindik ere ez zegoen gu bezalako ipotxentzako neoprenorik; beraz, sobera handiak genituen ur jantziak ziren. Baina horrek ez gintuen arduratzen, luzaroan erabili ahal izango genituela baikenekien. Sabelaldean neoprenoa tolestu eta gerriko batekin lotzen genuen. Lepoa ez urratzeko, berriz, sekulako azkura eragiten zuten lepo luzeko jertseak janzten genituen azpitik. Eta berdin, hipotermiak jota ateratzen ginen arren, ezetz, guk ez genuela batere hotzik pasatzen esaten genuen.

Gizakiak ikusten edo sentitzen duena ikusi edo sentitu nahi duenarengatik aldatzeko duen ahalmen miragarria izango da. Geure burua engainatzeko dugun gaitasun aparteko hori.

Azken urteotan neguko ur jantziekin jolasean ikusten ditut gaztetxoak portuan. Abuztuan, ura inoiz baino goxoago dagoenean, kukañan, errepidetik salto egiten eta eguzkitan txorizo bokadiloa jaten ikusten ditut, neguko neoprenoa erantzi gabe. Interneten belaunaldikoak dira, hondartzara olatuak ikustera jaitsi eta aurrean aparrik egon ez arren, baietz, olatuak badirela erantzuten dizutenen belaunaldikoak. Alferrik da mesedez itsasora begiratu eta ea hamar zentimetroko altuera duen olatu bat ikusten duten galdetzea, webcamean ikusi dutela eta baietz, olatuak badirela erantzungo dizute.
Esajeratua dirudi, baina horrela da. Parean dutenari baina sinesgarritasun handiagoa ematen diote ordenagailuan ikusitakoari.

Belaunaldi ezberdinetakoak gara, ez dugu elkar ulertzen; haienak guretzat eskaskeriak dira, eta, gureak, haientzat, txorakeriak. Baina badugu antzekotasun bat, gauzak berez zer diren baino, nola nahi genituzkeen ikusteko gogo eta ahalmena, alegia. Gizakiok geure burua engainatzeko dugun gaitasun mugagabe hori. Orain, falta zaiguna, gauza bera desiratzea da, baina kasu, hori ere gerta liteke. Edo, hori ere, nahi genukeenaren ezinezko adibide bat gehiago izango ote da?
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo