GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Biktimak eta biktimak

Gori-gori dago gaurkotasuna. ETAren erabakiak informazio-eztanda eragin bazuen, horren segida ez da gutxiagorako izaten ari. Nola gauzatuko da bakea Euskal Herrian, nola aurre egin gatazkaren ondorioei, batzuen kezkak, besteen aldarrikapenak, nola idatziko da Historia... eta guztiaren gainetik biktimak. ETAren biktimak, jakina. Izan ere, Espainian, eta Euskal Herrian, biktima-biktimak, benetakoak, ETAk utzitakoak dira, tradizioz, ohituraren poderioz. Eta badira, baina ez dira bakarrak. Nahiz eta kolektiboaren irudian bonben eta tiroen ondorioz hildakoak diren biktima horiek. Gatazkaren alderdirik ikusgaiena, injustu edo mingarriena den heinean, sentsazionalismoa gehien eragin dezakeenaz gain. Ikusgaiena, hala izan dadin lan egin dutelako, urte hauetan guztietan, informazio-banatzaileek. Biktima horietako bakoitzaren izena, bizitza, familia eta aurpegia ezagutu izan ditugu, hurbilarazi egin zaizkigu, eta batzuk ezingo ditugu sekula ahaztu.

ETA bukatu da. Haren biktimak, ordea, betiko izango dira biktima, terrorismoaren biktimak. Terrorismoaren inguruan honela dio hiztegiak: izua sorrarazteko buruturiko indarkeriazko ekintza errepikatuak; terrorista, beraz, ekintza horiek burutzen dituen subjektua. Ez du zertan talde antolatua izan, ez du zertan azpiegiturarik behar, aldarrikapen edo plan zehatzik. Terrorismoa eta terroristak ETAz gaindi daude, eta bada garaia herrialde honetan, eta Espainian, kontuan har daitezen, «betiko biktimek» jaso duten hedapen eta aitortza berarekin, jendarteari hurbilarazteko eman zaien bozgorailu berarekin. ETAren biktimak 825 izan omen dira, berrogeita hamar urte hauetan zehar. Estatuarenak zenbat ez dakigu, jakingo ote dugu inoiz? Emakumeen kontrako indarkeriak, alegia, terrorismoak, azken hamabi urteotan, denbora-epe horretako datuak baino ez baitaude, urtean 65 bat hildako utzi ditu, hortaz, 780 emakume inguru izan dira. Kopuru hori lurpean bukatu dutenei dagokienez, baina ez ditzagun ahantz albistegietako esatarien ahoraino iritsi ez diren guztiak, salatu gabe bizitzen ari direnak, agian oraindik kontziente ere ez direnak.

Kopuruak arazo baten neurriaz eta larritasunaz ohartarazteko baliatzen badira, zergatik ez zaio erakundeetatik gaitz honi ETAren kontrako borrokari eskaini zaion guztia eskaintzen? Zergatik jarraitzen da jotzen biktima hauetariko bakoitza kasu zehatz baten ondoriotzat? Kasu zehatz horietako borrero bakoitza terrorista txiki bat da; txikia ez baitauka erakunde baten dimentsioa, eta jendartean nahastuta eta pertsona arrunta bailitzan bizi delako. Terrorista horien biktimak ere biktimatxoak, pertsona okerrarekin elkartu zirelako zorte txar kontua baino ez balitz bezala. Kolektiboaren irudian, oraindik ere.

Datozen hilabeteotan biktimen ahotsak entzuten jarraituko dugu, eta kopuruak behin eta berriz errepikatuko dituzte, ETAren arrastoak utzitako zifra eskandalagarria. Matxismo antolatu gabearen fruituak, berriz, horretarako egun seinalatuan besterik ez ditugu entzungo, datorren azaroaren 25ean, hain zuzen. Oraindik ere biktimak eta biktimak, klaseak bezala, daudelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo