GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Eragin

«Eragin», hori da hitz nagusia. Bultzatu egin behar dugu, lan egin, parte hartu herri honen martxan; urrats berria emateko elkartu behar dugu, eta, herrietatik hasita, jendearekin hitz egin eta konbentzitu, karrikara atera eta Estatua mugiarazi

Mugitu! mugimenduko kideek Okzitaniako Tolosaraino joanez, argitan ezarri dute Euskal Herria zeharkatu nahi duen AHTren aldeko lanak jarraitzen dutela eta diru zama handiak higitzen dituen proiektua izugarri interesatzen zaiela hautetsiei, segur aski, batera, interes pertsonalak ere zaintzen direlako. Barcina andereak ez ditu tartak gustuko izan. Alta, protesta ekintza oso arrunta da dudarik gabe; Renaud kantariak berak ere protesta mota honi omenaldi gisa kantua idatzia dio, tarta bigun horretaz gozatu duen beste pseudofilosofo baten irudiaren kaltetan. Gogoratu beharko zaio Barcina andereari kasu batzuetan tartaren gozatzeko aukera errepikatu izan dela.

Herri osoak hondatzen dituen proiektuen salatzeko beste biderik ez delarik, hitza hartu behar da eta umorea baliatu. Uste dut Barcina anderearen autoestimua baizik ez dela minduta gelditu gertaeraren ondotik. Ematen zuen politika normalizatua egiteko garaia heldu zela! Ai, ez da hain erreza! Hiru tarta gozorengatik, hiru atxiloketa egin dituzte. Ohartu al dira egoera oso erridikulua zela? Badirudi, hiru atxilotuak kanpoan jarri baitituzte... Kasu, kasu Barcina andereak ez duke azken hitza errana oraindik! Ederki irri egin dugu bideoa ikustean, plazer ematen baitu hain hautetsi prepotentea hain egoera txarrean ikustea. Zinez politika egiteko era demokratikoa!

Baina horrek ez du iraun. Ibai Peñaren lekukotasunak zangoak lurrean jartzen dizkigu berehala. Gasteiztar gazteak berriz ere frantses poliziaren jazarpena jasan behar izan baitu. Gazte batentzat abertzale izatea delitua baita oraindik! Ibaik frantses Estatuak gatazkan parte hartzen duela eguneroko bizian probatu eta bizitzen duela gogorazi digu. Euskal Herrian libre bizitzeko bidea edozein unetan mozten diote, Parisetik agindu bat heldu baita. Madrildik ohar bat, agindu bat heldu baita. Erabakiak Euskal Herriaren gainetik hartzen baitira.

160 preso frantses presondegietan. Ordezkari frantses bat zegoen bake konferentzian. Ez da oraindik mugimendurik ikusi, inongo lasaitze mugimendurik, alegia. Konfiantza jarri behar da politikan profesionalak diren horiengan? Erronka handia da guretzat ere, sobera handia gure geroa bakar batzuen eskuetan uzteko. Ezker abertzaleak norabide berria, tresna eraginkorrak martxan emateko gaitasuna duela erakutsi du, baina Euskal Herriaren %10 osatzen dugunok, gure buruaren jabe izan nahi badugu, helburu horien alde borrokatu direnak etxerako bidean jartzen lagundu behar dugu. Frantses Estatuari urratsak eskatu behar dizkiogu.

Kinka txarrean den tokiko UMPri ez diogu atsedenik utzi behar. Heldu diren hauteskundeen kanpaina guztian Ipar Euskal Herriaren kontra daramaten politika agerian utzi behar diegu herritarrei. Baita sozialistek gure herriarentzat duten proiektu eza salatu, Labaze jaunak erraten duelarik, ozen, ez duela euskal instituzioaren beharrik ikusten

«Eragin», hori da hitz nagusia. Bultzatu behar dugu, lan egin, parte hartu herri honen martxan; urrats berria emateko elkartu behar dugu, eta, herrietatik hasita, jendearekin hitz egin eta konbentzitu, karrikara atera eta Estatua mugiarazi. Sekulan baino beharrezkoagoa da, denen parte hartzea funtsezkoa da, orain eta lortu arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo