GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Apustua

Zalduak korrikako saioan erabaki du norgehiagoka

Aizkoran Joseba Otaegi jaun eta jabe izan da, baina gero ezin izan dio lortutako aldeari eutsi.

p045_f01_243x234.jpg

Jon LEUNDA I

Xabier Zalduak irabazi zuen atzo Azpeitiko zezen plazan jokatu zen apustu mistoa. Zumarragakoak korrikako lanak amaitzeko 1.200 metro falta zirela gainditu zuen Joseba Otaegi, eta amaieran bien artean minutu erdi bateko aldea egon zen.

Jende asko batu zen neurketa ikustera, 1.000 ikusle inguru, eta gaur egunerako ez dago batere gaizki. Dirua, berriz, 100-60 Otaegiren alde atera zen. Aizkorarekin hasi ziren lanean, eta bakoitzak kana erdiko hamar enbor moztu behar izan zituen, eta lau 60 ontzako. Ondoren korrikako saioa izan zen, eta bakoitzak 8 kilometro egin behar izan zituen. Bakoitzak 5.000 euro jokatzen zituen. Otaegik Unai Otaño eta Arkaitz Iriarte eraman zituen laguntzaile eta Donato Larretxea eta Iruntxiberri, berriz, Xabier Zalduak.

Aizkorako saioan denek uste zuten alde handia atera behar ziola Otaegik, eta aldea atera zuen, baina ez nahikoa. Hasieratik zizurkildarra aurretik jarri zen, eta berehala joan zen zuloa irekitzen. Aizkorako lehen zatian, Zaldua baino askoz ere hobeto eta freskoago aritu zen, eta lan erdiak 16 minutu eta 31 segundotan burutu zituen. Zalduak, berriz, 19 minutu eta 15 segundotan amaitu zituen.

Bide horretatik jarraituta, bazirudien korrikarako nahiko tarte izango zuela Otaegik, baina bigarren zatian zizurkildarrak behera egin zuen, eta, Zumarragakoak, berriz, gora. Alde apur bat atera zion bigarren itzulian, baina oso txikia. Aizkorako lanak 39 minutu eta 8 segundotan amaitu zituen Otaegik, eta 42 minutu eta 26 segundotan, berriz, Xabier Zalduak.

Zumarragakoa korrika hasterako, sei buelta pasa emanak zituen Zizurkilgoak, baina Zaldua berehala hasi zen aldea murrizten. Kilometroko 30 segundoko aldea ateratzen zion Xabierrek Josebari, eta 1.200 metroren faltan harrapatu eta pasa egin zuen. Otaegik ezin izan zuen erreakzionatu, eta hantxe joan zen desafioa. Hala ere, biek lan handia egin zuten, eta zaleek txaloekin eskertu nahi izan zieten egindako ahalegina. Lan guztiak egiteko ordu bat, 18 minutu eta 6 segundo behar izan zituen Zalduak, eta ordu bat, 18 minutu eta 42 segundo, berriz, Joseba Otaegik.

«Aizkoran egindako lana ordaindu dut korrika. Ezin izan diot bere erritmoari jarraitu», esan zuen amaieran irabazterik izan ez zuen Joseba Otaegik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo