GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Frantziako Kopa

Aviron hurrengo kanporaketan izango da penaltietan aurrera eginda

ST. BORDELAIS 0
AVIRON 0

Jon LEUNDA I

Asko kostata, baina Aviron Frantziako Kopako zazpigarren kanporaketan izango da. Horretarako bi maila beherago dagoen Stade Bordelais kanporatu behar izan du. Helburua bete du jada Avironek, eta orain beste bi kanporaketa gainditzea da asmoa, Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko.

Partida oso zaila izan zen. Etxekoak atzean sartu ziren, euskaldunen zain, eta kontraerasoren bat bilatzeko asmoz. Alain Pochatek zuzentzen dituen mutilak ahalegindu ziren, baina behin eta berriz Bordelekoen atzealdearekin egin zuten tupust. Bigarren zatiaren hasieran etxekoak bat gutxiagorekin geratu ziren, eta bazirudien lapurtarrei gauzak erraztuko zitzaizkiela, baina ez zen horrela izan, Bordeleko taldeko jokalari denak beren ate inguruan sartu baitziren. Luzapenean ere gauza bera gertatu zen, eta, hala, penaltietara iritsi ziren. Bi taldeak bikain aritu ziren, baina euskaldunak hobeto, eta aurrera egin ahal izan zuten.

Aviron da Kopan bizirik jarraitzen duen euskal talde bakarra, Biarritzek 2-1 galdu baitzuen Sarlaten zelaian. Zuri-urdinek partida ona egin zuten, baina Labarthek egindako golak ez zuen kanporaketa gainditzeko balio izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo