GARA > Idatzia > Euskal Herria

Josu Esparza gaztearen egoera salatu eta eskubide politikoak aldarrikatu dituzte Txantrean

Jazarpen politikoaren amaiera eskatu eta Txantreako auzokidea den Josu Esparzaren kontrako bi euroaginduak arbuiatzeko manifestazioa egin zuten atzo Iruñeko auzoan, ehunka herritarren sostenguarekin.

p012_f02_148x088.jpg

GARA |

Ehunka lagunek hartu zuten parte atzo Txantrean jazarpen politikoaren amaiera eskatu eta Josu Esparza gaztearen egoera salatzeko egindako manifestazioan. Eleak eskubide zibilen aldeko mugimenduak deituta, Txantreako auzokide ugariren eta hainbat elkarteren sostengua izan zuen mobilizazioak.

Txantrean bildutakoek beren jarduera politikoarengandik jazarritako herritarrei «laguntza eta elkartasuna» adierazi nahi izan zieten, eta, horrez gain, Estatu espainolari zein frantsesari errepresioa bertan behera uzteko exijitu zieten, baita eskubide politiko guztiak errespetatzea ere, «norbanakoenak zein kolektiboak». Josu Esparza Txantreako auzokidearen egoerarekin bereziki kezkatuta azaldu ziren, Estatu espainolak bere aurka eskatutako bi euroaginduen ondorioz bilatzeko eta atxilotzeko agindupean baita.

Esparza «urte luzetako lan eta militantzia politikoagatik» kartzelaratu nahi dutela salatu zuten, eta Txantreako gazteak amnistiaren aldeko mugimenduan egindako lan oparoa nabarmendu zuten. «Errepresioren aurkako konpromisoa da, hain zuzen ere, errepresioaren objektibo izatera eraman duena», esan zuten.

Bestalde, ezker abertzaleko erakunde ezberdinetan egindako lan politikoagatik Nafarroan ehun lagun baino gehiago auzipetuta daudela salatu zuten bildutakoek. Horietako 34 kartzelan daudela ere gogoratu zuten.

Epaiketa politikoen kontrako ekimenen baitan, ostiralean mila lagun inguruk hartu zuten parte Barañainen egindako manifestazioan. Larunbatean, berriz, elkarretaratzea izan zen Arbizun. Azkenik, biharko beste mobilizazio bat dago deituta Basaburuan, 12.00etan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo