GARA > Idatzia > Kultura

«Lobos de Arga», publikoa algaraka eta beldurrez dardarka jartzeko

Umoretsua da Juan Martinezen lan berria eta halakoa izan zen atzoko aurkezpena ere. Baina Galiziako herri txiki batean kokatutako gizotsoen istorioa ez da komedia hutsa, irriaz gain, erabateko beldurra eragiten baitu. Beldurrezko zinemaren miresleak dira filmean parte hartu dutenak eta garrantzi handia eman diote generoa errespetatzeari.

p040_f02.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Sitgesen erakutsi ondotik, bihar estreinatuko dute Euskal Herrian «Lobos de Arga», Juan Martinez Moreno zuzendari madrildarraren lan berria, egunotan Donostian egiten ari diren Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXII. Astean. 17.00etan emanen dute Antzoki Zaharrean eta, bertzeak bertze, Gorka Otxoa donostiarra ikusten ahalko da madarikatutako sendi baten azken kidearen paperean.

1910. urtea da Donejakue Bidea igarotzen den Galiziako Arga herrixkan, Mariño markesa gaiztoak eta haren semeak madarikazio ikaragarri bat jasaten dutenean. Ondorioz, mutikoa gizotso bihurtzen da hamargarren urtebetetzean. Ehun urte geroago, sendi horretako azkeneko kidea itzultzen da herrira, Tomas Mariño, batere arrakastarik gabeko idazlea, seme kuttun izendatuko duten esperantzaz. Herritarren asmoa kontrakoa da, ordea: zeremonia ilun batean sakrifikatzea, hala gizotsoaren erreinu beldurgarria behingoz bukatzeko. Erritua behar den unean egin ezean, bigarren madarikazio bat sufrituko du Argak, ondorio latzagoak ekarriko dituena...

Tomasi Calisto (Carlos Areces) herriko adiskide zaharrak lagunduko dio, baita bere izeba Rosak (Mabel Rivera), osaba Evaristok (Manuel Manquiña) eta Mario (Secun de la Rosa) editore lotsagabeak ere. Zuzendariak argitu zuenez, pertsonaia horien erreakzioak irri algaraka hasteko modukoak dira; gizotsoek, ordea, ez dute deus barregarririk eta ikusleak besaulkietatik altxatuko dira beldurraren beldurrez. Filmaren dohainetako bat lantaldea dela deritzo eta ondoan izan zituen aurkezpenean horietako batzuk, Gorka Otxoa eta Carlos Areces aktoreak eta Tomas Cimadevilla produktorea. Azken horrek adierazi zuenez, 70eko eta 80ko hamarkadetako zinemari egindako omenaldia ere bada munstroz eta abenturaz betetako istorioa. Efektu bereziak sortzerakoan, adibidez, digitaletatik ihes egin eta benetakoak erabili dituzte.

Otxoak gidoia «borobila» dela nabarmendu zuen eta Sitgeseko korridoreetan aditu eta bizi izandakoak oroitarazi zituen. Publikoa beldur zen ez ote zuen beldurrezko zinemaren parodia bat ikusiko, «baina gero harrituta gelditu zen, onerako». Nabarmentzekoa da Arturo Balseiro diseinatzailearen lana ere, ilea Txinatik ekarri eta gizotsoekin bakarrik hogei makillatzaile jarri zituen lanean. «Aurrekontuaren mugen barrenean -desiratzen nengoen aurrekontuarena sartzeko; guk 5 milioi euro, Benicio del Toro protagonista duen «El hombre lobo» filmak, 150- lan duina egin dugu», baloratu zuen Martinezek.

Aktore izarrak sortzeko metodo arriskutsua

Juan Martinezek bezala, Andreas Marschall «Masks» lanaren zuzendari, gidoilari eta editoreak ere aurrekontuari egin zion erreferentzia eta izan dituzten muga eta zailtasunen ondoren Donostian emaitza aurkeztu ahal izatea bere saria dela adierazi zuen. Gaur erakutsiko du pelikula, 19.45ean, Antzoki Zaharrean. Protagonistak, Stellak, ez du aktore senik, baina gogor egiten du lan. Egun batean Cecile lagunak kontatzen dio Gdula irakasleak metodo berri bat asmatu zuela izar bilakatzeko. Hainbat ikasle hil ziren haren eskoletan, eta, horregatik, Gdulak bere buruaz beste egin zuen eta metodoa debekatu zuten. Stellaren kide bat ere desagertuta dago, zarata arraroak aditzen dira eskolan, irakasleek arraro jokatzen dute Gdula aipatzean... Badirudi sistema aplikatzen ari direla eta Stellak ere parte hartu nahiko du, bizia galdu behar badu ere.

Film alemaniar hau Mario Bava, Dario Argento eta genero-zinema italiarreko bertze maisu batzuei egindako omenaldia da eta profesionalak eta interpretazio ikasleak ditu aktore taldean nahasita. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo