GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Urriko azken astelehena

Eguzkia dir-dir eta kaleak bor-bor, Gernikako azoka osasuntsu

Bi arrazoi osagarri zeuden atzo Gernikako urriko azken asteleheneko azokara bertaratzeko: udaberri tankerako eguraldi bikaina eta Santu Guztien zubia. Hala, aurreikuspenak bete ez, gainditu egin ziren, 120.000 bisitari jaso baitzituen azokak. Gazta enkanteak, ordea, ez zituen iazko zifrak hobetu, Mausitxa baserriko gazta 6.200 euroan saldu zen arren. Markak marka, ez da ez zifra makala.

p014_f01.jpg

Oihane LARRETXEA

Jendea alde batetik bestera, postuz postu, urratsez urrats, pixkaka-pixkaka kalean gora edo kalean behera, ikuspuntuaren arabera. Noizean behin albokoarekin hitz bakan batzuk gurutzatu: «Hara! Ikusi zer-nolako mizpirak!». Ostean, tarte batez pentsatu: «Eramango al dizkiogu amonari? Badakizu zenbat gustatzen zaizkion...». Eskuetan hartu, ukitu, produktua sentitu: «Itxura ederra dute...». Saltzaileak azalpenak ematen ditu, jakiaren atzean ezkutatzen diren sekretuak argitzeko, bezeroak begiez soilik ezin baititu deskubritu. «Tira, emadazu kilo bat, sekulako ilusioa egingo dio eta». Atzo, Gernikako urriko azken asteleheneko azokan hainbeste bider errepikatu zen irudia, kaleetan euren produktu onenak eskaini zituzten 277 postuetan.

Gernikako hitzorduak erakartzeko duen gaitasuna handia da, baina aurtengo edizioak marka guztiak hautsi ditu bisitari kopuruari dagokionez: guztira 120.000 lagun bertaratu ziren, iaz baino 20.000 gehiago. Zifra horrekin egunak gauza onak besterik ezin zituen ekarri.

Milaka lagunen artean, batzuentzat lehen aldia zen bitartean, beste batzuek aspaldi zuten kontua galduta. Leire Etxebarriak, bilbotarra izan arren, lana edota ikasketak tarteko, atzora arte egunkarien bidez bakarrik zuen azokaren berri. Eguna amaitzeko ordu asko gelditzen ziren, baina esperientzia «errepikatzeko modukoa» zela iritzi zuen, babarrunak, piperrak eta erroskilak erakusten zituen bitartean. Alboan, Angel Apraiz eta Maria Teresa Adame bikotea, Gernikako hitzorduan eskarmentuduna. «Madrilen bizi garen arren urtero bertaratzen gara», adierazi zuten.

Bikoteak arretaz jarraitu zituen Maite Intxausti kiwi saltzailearen azalpenak. Ez da Euskal Herriko produktua, baina jada 30 urte baino gehiago dira bere gurasoak Arratzun kiwiak ekoizten hasi zirela. «Gezurra dirudi geure lurretan halakoak ekoitzi ahal izatea», zioen Adamek, kilo bat erosi ostean. Halakoetan, erosten duenaren salneurria ez duela gehiegi erreparatzen onartu zuen, «zaporeari dagokionez hau baino hoberik ez dagoelako; ordaintzen baduzu trukean kalitatea duzu».

Kontxi eta Luisa ere Intxaustiren postuaren parean zeuden, baina ez ziren kiwiaz ari, feijoa deitutako fruituaz baizik. Txikia da, berdea, eta jatorria Argentina, Brasil, Uruguay eta Paraguayn dauka, nahiz eta hemengo lurretan ere aurkitu duen bere lekua. Bere sekretua zaporean dago. «Ez nuke jakingo esaten zeren antza duen, baina hain da freskoa eta goxoa!», zioen Kontxik, Luisa konbentzitu nahian. Helburua bete zuen, bi kilo erosi baitzituen. «Batzuek marrubiaren antza duela diote, besteek platanoarena... Ginebraren tankera hartzen dionik ere badago!», nabarmendu zuen Intxaustik berak.

Patrika begiratu beharra

Kalean gora eta behera, prezioez galdezka ari ziren bezeroak saltokietan. Azoka guztietan bezala, Gernikan ere ahoz aho kontu berbera zebilen. Saltzaile batzuk kexu ziren eta garai batean gehiago saltzen zela iritzi zuten. Beste batzuk, berriz, baikor agertu ziren: «Jakina jendeak galdetzen duela, patrika ere begiratu behar duelako, baino erosten duenak badaki estimatzen, badaki ordaintzen ari den hori ez dela nolanahiko produktua -zioen Lorea Eguskizak-. Jendea ez da salneurriengatik kexatzen, izan ere, supermerkatuetan gauza berberak garestiago ikusten dira».

Iritzi berekoa zen Maria Pilar Pagaldai bergararra. «Halakoetan ezinezkoa da ez erostea. Ikusi al dituzu zein gauza ederrak?», zioen. «Ogia, feijoa eta gazta erosi ditut eta oraindik ez dut bira osoa eman...».

Iñaki Labaien Arrillagak ez zuen tarterik galderak erantzuteko: jo eta fuego zebilen Ibarrako piperrak saltzen. 11.15ean salmenta nola zioan galdetu genion eta ez zegoen kexatzeko moduan: guztira 230 kilo piper eraman zituen Gernikara eta ordurako 60 kilo besterik ez zitzaizkion gelditzen. «Frijituta eta gainetik gatza jarrita, bakarrik jateko edo haragi on batekin laguntzeko. Modu batean zein bestean dira gozo-gozoak!», zioen Garbiñe Kijera donostiarrak.

Denek, ordea, ez zuten irakurketa positiboa egin, eta «jendea gerturatu bai» baina «begiratu» besterik ez zuela egiten penatu zen Maria Arkotxa. Zortzi babarrun mota zituen mahai gainean, zein baino zein ederragoak. Tolosa eta Gernikako babarrunagatik galdetuta, errespetuz betetako «biak ederrak dira» gogoeta bota zuen. Handiena 20 euroan saltzen zuen kiloa. Joxeanek, hain zuzen, kilo erdia nahi zuen, baina halabeharrez osoa eraman behar zuela erantzun zion Arkotxak. «Beraz, bikotea topatu beharko dut erdibana egiteko!», esan zuen. Azkenean, esku hutsik alde egin zuen.

Esku hutsik alde egin ez zuena Mausitxa baserriko Jesus Mari Ansola izan zen, bere gazta izan baitzen azokaren baitan urtero egiten den lehiaketako garailea. Ondorengo enkantean, Morgako Katxi jatetxeak gaztaren truke 6.200 euro ordaindu zituen, iaz ordaindu zena baino 3.000 euro gutxiago. Gainontzeko gazta sarituengandik ere aurreko edizioan baino gutxiago ordaindu zen; hala, bigarrenagatik 300 euro ordaindu ziren bitartean, hirugarrena ez zen saldu ere egin.

Txanda aldaketa

Iritziak iritzi, salmahai bakoitzaren atzean bizipen bat zegoen, eta, horrenbestez, ikuspuntu bat. Labaien pozik, eta, Ansola, ez horrenbeste. Eugenio Elorza eta Ageda Zeberio segurarrak, berriz, ez bat ez beste. Hogei urte dira eztia saltzen dutela eta denetik ikusi dutela baieztatu zuten; «garai onak eta garai txarrak» daude.

Bost ezti mota zituzten, mahaia urre kolorez jantzita. Eztia, propolia, erregina-jelea... erleen lanaren fruitua. «Eta... eztizaleak al gara euskaldunak?». «Bi muturrak daude -iritzi zuen Zeberiok-. Oso gustuko dugu edo... Katalanak bai, haiek dira zaleenak!».

Bikote honek bezala beste askok hamarkadak daramatzate han-hemenka, azokaz azoka, euskal produktu onenak saltzen. Familia askori baina, heldu zaie lekukoa pasatzeko garaia, eta, horregatik, gazte asko zebiltzan gurasoei ikasitako ofizioari segida ematen. Kalean ere beste hainbeste. Erosketa etxera zeramala gazteak begiratu zituen adindun amonak, akaso pasatako garaiak oroituz: «Nik gaurko nahikoa dut. Beraiena da festa jarraitzeko txanda!».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo