GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ezagupena ukaiteko familia homosexualen aterabide bakarra bide juridikoa da

Familia homosexualen aitorpenerako urrats garrantzitsua eman da Estatu frantsesean, Baionako auzitegiak bi emaztek osatutako bikote bati gurasotasun eskubidea onartu ostean. Homosexualen elkarteek sexu bereko bikoteen ezagupena premiazkoa bilakatzen ari dela nabarmendu dute.

p016_f01.jpg

Ainize BUTRON

Baionako auzitegiko familia aferen epaileak joan den azaroaren 26ean emandako ebazpenak iraultza txiki bat sortu du Estatu frantsesean dagoen familia homosexualen ezagupenaren eztabaidan. Izan ere, orain dela bost urtetik bikotea osatzen duten Cécile Jacquey eta Marie-Catherine Dumont emakumeei beraien bi alaben gurasotasun eskubidea aitortu die epaileak.

Cécile Jaquey hogei hilabete dituzten bi umeen ama biologikoa da, eta, ebazpenari esker, bere bikotekideak elkarrekin hazten dituzten haurrekiko eskubide berdinak izango ditu. 2008an mota bereko beste auzi bat izan zen Estatu frantsesean, baina, Baionan ez bezala, kasazio auzitegiak bertan behera utzi zuen epaileak hartutako erabakia. Orain, Baionako auzitegiak hilabete bat dauka urriaren 26ean bertako familia aferetako epaileak hartutako erabakiaren aurka egiteko, baina, aldiz, egingo ez duela jakinarazi du jada.

Beñat Jachen Bascosphère homosexualen eskubideen aldeko elkarteko ordezkaria da. Estatu frantsesean ezagupen legalik ez duen familia homosexuala osatzen du bere bikotekide eta semearekin, eta, bere ustez, Baionako auzian «berrikuntza garrantzitsua» dago.

Frantses kode zibilaren 377. artikuluaren arabera, gurasotasun eskubidea hirugarren pertsona bati emateko egoera berezi bat egon behar da. «Oraingo honetan, epaileak sinpleki bikoteari gurasotasun eskubidea aitortu dio. Erabakiak baieztatzen du familia bat dela. Besterik ez», nabarmendu du Jachenek.

Stéphanie Carré PAF (Pour une alternative Feministe) elkarteko feministako ordezkariak ildo bereko adierazpenak egin ditu. «Gertatu izan dira gurasotasun eskubide aitorpenak, baina, aldioro, baldintzak baziren. Bikotekidea hil zorian izatea izan da horietariko bat. Orain, bikote bezala onartu ditu epaileak», goraipatu du. Bere esanetan, beste auzi bat jartzen da mahai gainean Baionako ebazpenarekin: adopzio eskubidearena.

Baionako epailea bikotearen familiek eta adiskideek emandako lekukotasunetan oinarritu da erabakia hartzeko.

Eskubide eta betebeharrak

Homosexualentzat Baionakoa erabaki garrantzitsua bada ere, beraien esanetan oraindik bide luzea dago egiteko aitorpen osoa lortzeko. Estatu frantsesean bikote homosexualek ez dute ezkontzeko eskubidea, eta, ondorioz, haurren aitorpena izateko izapide administratibo oso luzeak egin behar izaten dituzte.

Cécile Jacqueyk, beste hainbat emakumek bezala, Hego Euskal Herrira jo zuen umeak ukaiteko. Gaur egun, 30.000 eta 40.000 haur artean hazten dira Estatu frantsesean guraso homosexualek osatutako familietan. Datu hori kontuan harturik, familia homosexualen ezagupena presazkoa dela nabarmendu du Jachenek. «Urrats garrantzitsua da, bai, baina zeharbideko irtenbide bat ere bada. Familia guztiak ez dira auzitegietara joango gurasotasun eskubidea lortzeko. Ezinbestekoa da familia horiek ezagupen legala izatea», gehitu du.

Gai hau Estatu frantsesean tabua dela agerrarazteko, berriki eskoletako eskuliburuetan familia homosexualak kontuan izateko aukerak eragindako polemika aipatu du Jachenek. Hezkuntza ministroak egin zuen proposamena, baina, familia horiek legalki existitzen ez direnez, familia arloko estatu idazkariak proposamena baztertzea eskatu zuen.

Familia guztiek bezala, bikote homosexualek umeekiko eskubideak eta betebeharrak izatea aldarrikatzen dute. Jachenen semea adinez nagusia da egun; beraz, heriotza edo banaketa kasuan berarekin zer gertatuko litzatekeen ez dute jada kezka iturri gurasoek. Aldiz, balizko egoera horiek bikote homosexualen artean kezka asko sortzen dituztela aipatu zuen Bascosphère elkarteko ordezkariak. «Urte guztiotan, niri zerbait gertatuz gero, nire bikotekideak ez zuen inongo eskubiderik ukanen. Urteak aurrera doaz, umeak handitzen dira. Gizartean familia homosexualak barneratuak dira, errealitate bat dira. Goiz hala berandu lege mailan ezagutu beharko gaituzte. Esperantza badugu ahal bezain goiz gertatzea», nabarmendu du Beñat Jachenek.

Colette Capdevielle auzia irabazi duten bi emakumeen abokatuak, bere aldetik, erabakiak «denbora sozialaren eta judizialaren arteko distantzia» agerian utzi duela esan du. Legea aldatu artean, abokatuak Baionako epaiak jurisprudentzia sortzea espero du; hau da, aurrekari horretan oinarrituta, familia homosexualei eskubide berdintasuna aitortzea.

«Sexu gaietan Frantziaren gibelatzea agerian jartzen du auziak»

Baionako auzitegiak emandako ebazpenak bikote homosexualen aitorpenean Estatu frantsesean dagoen gibelatzea mahai gainean jarri du. Beñat Jachen Bascosphère elkarteko ordezkariaren ustez, «Frantzia ez da sekula ez aurrerakoia ez eta modernoa izan». «Emakumeei boz eskubidea ematen ere azkenetarikoa izan zen. Esperantza badugu datozen martxoko hauteskundeen ondotik aldaketak izango direla», azpimarratu du.

Stéphanie Carré PAF elkarteko ordezkariak, berriz, auziak «sexualitatearen gaietan Estatu frantsesak duen gibelatzea» agerian jarri duela nabarmendu du. «Duela urte asko PACS kontratua atera zuten, arazoa baztertzeko. Baina ez dira sekula hori baino urrunago joan. Estatu askok bikote homosexualak ezagutzen dituzte, eta ezkontza ere onartua dute. Baina Frantzia PACS kontratuan geratu da eta horrek arazoak sortzen ditu egun», nabarmendu du Carrek. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo