GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Koldo Urrutia Arabako Iruña Argitzeko Batzordearen izenean

Euskaltzaindia, Iruña Veleia eta Txillardegi

Euskaltzaindiak Iruña Veleiarekin, Txillardegirekin egin zuen bezala, akats historikoa egin du, euskara historikoa argitzeko dugun aukera bakarra lurperatu dutenei babes osoa eskaini dielako

Asko dira Euskaltzaindiak gure hizkuntza normalizatzeko eta jagoteko egiten dituen ekimenak; garrantzitsuena, ezbairik gabe, euskara estandar bat sortzea eta zabaltzea izan delarik. Bere zeregin horretan, argi dago lorpen ederrak lortzen ari dela gure hizkuntzarako, eta herri gutxi euren akademiaz harro egon daitezke, euskaldunok gureaz gauden bezainbeste. Baina, bidean, badira harrotzeko modukoak ez diren zenbait gauza ere; esaterako, une honetan osasunez gaizki dagoen Txillardegiri akademian sartzen utzi ez izana. Andres Urrutia euskaltzainburuak orain dela urte gutxi akats historiko hori konpontzeko ahaleginak egin bazituen ere, beranduegi zen eta Txillardegik uko egin zion sartzeari.

Txillardegi SOS Iruña Veleia Plataformak sustatutako «Iruña Veleiako auzia argitzearen aldeko manifestua» izenpetu duten pertsonetako bat da, beste 2.132 gehiago bezala. Adierazpen honek hiru gauza sinple bezain garrantzitsu eskatzen ditu: grafitoen analitikak egitea, noizkoak diren jakiteko eta egiazkoak ala faltsuak diren behingoz argitzeko; indusketa kontrolatuak egitea Eliseo Gilek aurkitutako antzekorik topatzen den ala ez; eta, azkenik, ostrakak egoera onean ote dauden egiaztatzea.

Zoritxarrez, Arabako Foru Aldundiak uko egin zion ostrakak analitiken bidez datatzeari, nahiz eta hainbat herrialdetan sarri erabiltzen duten. Adibidez, Italian, faltsutzat hartutako fibula prenestina testua egiazkoa dela frogatu dute analitikek, urte askotan faltsutzat hartua izan ondoren. Eta, gauza bera, Estatu Batuetan aurkitutako hezur batean egindako mamut baten marrazkiarekin. Iruña Veleian ere hezurretan egindako idazkunak daude; hauek ezin dira datatu eta Estatu Batuetakoak bai?

2008ko azaroaren 19an, Arabako Foru Aldundiak ostrakak faltsutzat hartu zituenean, Euskararen Jatorria Elkartean zur eta lur geratu ginen datazioak egin gabe horrelako erabaki bat hartu zelako. Horren ondoren, adierazpen publiko bat egin genuen Durangoko Azokan eta jarraian Arabako Iruña Argitzeko Batzordea sortu genuen gai hau argitzeko.

Zoritxarrez, afera hau txarrago jarri da. Iazko uztailean, epaileak Gilek eskatutako datazioak egitea onartu zuen hil berean, zuzendari berri Julio Nuñezek hondeamakina sartu zuen eta sektore oso bat suntsitu zuen, pala mekanikoa harlauzetaraino sartuz, horietako batzuk apurtuz eta horien gainean zeuden horma zatiak, hondakinak... den-dena isurtegira bidaliz erritmo beldurgarrian: zortzi minutuan behin kamoi bat betez.

Gai honen inguruan, Amatiñok adierazi zuen, Aldundiko Batzordeko kideek esandakoez inolako zalantzarik ez zuela izan esan ondoren, egiazkoak izan zitezkeela adierazten zuten 13 txosten eginda ikusita (orain 16 dira), ez zeukala zentzurik datazioak ez egitea. Eta honako hau ere esan zuen: «Ez dakit, baina, ni euskaltzainburu edo Arabako diputatu nagusi banintz, ez nuke lasaiegi lo egingo. Eta... benetakoak balira? Historiak ez lieke konturik eskatuko Gorrotxategiri, Lakarrari... ezta EHUri ere, Euskaltzaindiari eta Arabako Diputazioari baizik... Andres Urrutiak eta Xabier Agirrek dute hitza».

Euskaltzaindiak zerbait esan behar zuenez, martxoaren 9an gure elkarteak eskaera bat bidali zion. Gertatutakoaren laburpenaren ondoren hauxe esaten genien: «Iruña Veleia euskararen historiarako ezinbesteko mugarri bihurtu da dagoeneko, eta suntsitzen hasi dira, gure uste apalean, Euskal Filologian irakasten diren eduki gutxi batzuen kontra egon litezkeen idazkunak aurkitu direlako. Eta horregatik, hondeamakina zientziaren eta egiaren gainetik jarri dute... honengatik guztiagatik, Euskaltzaindiari honako eskaera egiten diogu: Arabako Foru Aldundiari eska diezaiola gai hau bide zientifikoetatik kudea dezan, hau da, mundu mailan prestigio gehien duten arkeometria laborategietara ostraka batzuk eramanez, idazkunak data ditzaten, eta eztabaida zientifikoa modu ireki, zabal eta muga gabe bultza dezan».

Bidali ondoren, apirilaren 8ko batzarrean gure idazkia aztertuko zutela adierazi ziguten telefonoz. Ostrakak egiazkoak izan daitezkeela adierazten duten txosten asko eta Nuñezek egindako suntsipenaren txostenik ez zutenez, apirilaren 8an, lehenengo orduan, eskuz eman genizkien 2.400 orrialde baino gehiago okupatzen zuten txostenok, eta gaia egun horretan ez erabakitzeko eskatu genien, txostenetako batzuk ondo irakurri eta aztertu arte bederen.

Zoritxarrez, Euskaltzaindiak egun horretan gaia amaitutzat eman zuen, eta egun horretan erabakitakoarekin, honako erantzuna igorri zigun hurrengo astean, Xabier Kintanak izenpetutako gutuna: 

«Zure gutuna eta dokumentazioa jaso da, bai eta zure kezka ulertu ere. Diozunez, Iruñako aztarnategien gainean hondeamakina batzuk ari dira lanean, eta zuloak egiten dabiltzan lekuan arkeologi gairik egonez gero, pentsatzekoa da jarduera horrekin kalte egin liezaieketela bertako aztarnei. Uste izatekoa da, horko indusketak arkeologo profesionalen zuzendaritzapean egiten badira behintzat, aurretik azpian egon zitezkeen materialak ongi babesteko behar ziren neurriak hartuko zirela.

Kontuan hartu behar da, nolanahi ere den, Euskaltzaindia ez dela arkeologiaz arduratzen den erakundea, eta, alde horretatik, ez dagokiola iritzia eskatu ere egin ez zaion arlo horretan eskua sartzea.

Zure interesa eskertuz, adeitasunez agurtzen zaitu».

Zur eta lur geratu ginen. Gauza askorik ez genuen espero, baina horrelako erantzun bat... Batetik, behar ziren txostenak irakurri gabe hartu zutelako erabakia, hau da, beharrezko informazioa jaso gabe. Bestetik, gai arkeologiko batez arituko bagina bezala tratatu dutelako gaia, euskararentzat gai garrantzitsua dela argi eta garbi egonik.

Euskaltzaindiak Iruña Veleiarekin, Txillardegirekin egin zuen bezala, akats historikoa egin du, euskara historikoa argitzeko dugun aukera bakarra lurperatu dutenei babes osoa eskaini dielako; zientziari, kasu honetan, aurkikuntza arkeologikoak datatzen dituen arkeometriari, ateak ixtea justifikatu duelako, eta, txarrena, euskararen eta ondarearen kontra Julio Nuñek egindako sarraskia ontzat eman duelako. Urte askoan gogora dezagun hori!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo