Maitane Nerekan Umaran Getxoko Bilduko bozeramailea
Eraikin erraldoirik gabeko proiektu handiak
Irtenbidea bilatu behar diogu gure herrietako egoera ekonomikoari, oinarrizko errenta, lanpostu duina, etxebizitza soziala... babestuz eta sustatuz
Egitasmo handiak martxan jartzeko azpiegitura faraonikoak behar direla zabaldu da herri honetan azken urteotan, eta gutxi batzuei mesede, baina gehiengoari kalte handia eragin digu ideia horrek. Kulturan, kiroletan zein garraio sarean, egunkarietako titularrak betetzeko ezin hobeto funtzionatzen duten azpiegiturak gure pena guztien irtenbidetzat saldu dizkigute; ez bakarrik Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek, baita udalek ere.
Denok dakigu, baita egin dutenek ere, herriaren beharrei erreparatu gabe egin direla azpiegitura handi horiek, bultzatu duten etxebizitza «anti-politika» bezala. Argazkietan irribarretsu agertu eta merkatu kapitalistaren sistema mantendu ahal izateko besterik ez dute balio izan. Orain badirudi eskuak burura eraman dituztela askok, krisi ekonomikoaren menpean egin behar ditugun 2012rako aurrekontuak koadratu ahal izateko.
Bildun argi daukagu proiektu handiek ez dutela eraikin, kanpo portu edo errepide erraldoirik behar. Herritarrek egiten baitituzte erraldoi Euskal Herriko herrietan martxan jarri beharreko egitasmoak, beren parte-hartzearekin, duintasunarekin eta ametsekin.
Zoritxarrez udaletan oinordetzan utzi diguten egoerak ez digu batere mesederik egiten. Alkatetzan gauden herrietan ez hanka ez buru ez daukan egoera ekonomikoarekin topatu gara; oposizioan gaudenetan aldiz, oraindik diru asko behar duten amaitu gabeko proiektu erraldoiekin.
Hala ere, lanean jarraituko dugu, argi daukagulako zer nahi dugun, eta batez ere, zer ez dugun nahi. Ez dugu merkatuaren araberako herri eredurik nahi, ezta zorpetzea handitzea dakarren obra erraldoirik ere. Herriaren nahiaren neurrira egindako politikak nahi ditugu udaletan. Herritar ororen oinarrizko beharrak bermatzen dituzten politika sozialak nahi ditugu, eta beharrezkoa izanez gero, horretarako zorpetzeko prest egongo gara. Gehien daukatenei gehiago ordaintzeko eskatzen dien zerga sistema nahi dugu, egoera ekonomiko larrian daudenen aldeko politika duinak egin ahal izateko. Irtenbidea bilatu behar diogu gure herrietako egoera ekonomikoari, oinarrizko errenta, lanpostu duina, etxebizitza soziala eta herriko merkataritza, besteak beste, babestuz eta sustatuz.
Horretarako, aurrekontu parte-hartzaileak bultzatuko ditugu, herrietatik eta herritarrekin elkarlanean. Datozen asteotan, herriko elkarte, eragile, udal langile zein banakoekin eseriko gara, eta ondoko galdera egingo diegu: zer-nolako herri eredua nahi duzu? Jasotako proposamenak udaletara eramango ditugu, alkatetzan egon ala ez. Bildun badakigu herritarrok inongo bankari edo ekonomistak baino askoz gehiago dakigula. Inork baino hobeto ezagutzen dugu gure herriko garraio sarea, plaza, liburutegia, kiroldegia, antzokia... eta horietan inbertitu behar denaren inguruan asko daukagu esateko.
Dudarik ez izan; guk ere proiektu erraldoiak jarriko ditugu martxan, porlan eta adreiluen beharrik ez daukaten proiektu erraldoiak.