Maider Eizmendi Kazetaria
Tentatu eta gero eskaini
Urtebete ez da tabernetan erretzea debekatu zutenetik. Legea indarrean sartu eta hasierako egun haietan, ohituragatik edo, batek baino gehiagok piztu zuen zigarroa zertan ari zen ondo jabetu ere egin gabe. Hamaika hilabeteon buruan, batek ikasi du arropaz ondo hornituta atera beharra dagoela lagun artera. Inor gogoratzen al da, ordea, noiztik ez den erretzen hegazkinetan? Aspaldi-aspaldiko kontua dela iruditzen zait. Gogoan daukat orain sei-zazpi bat urte egin nuen bidaia luzeetako batean zer-nolako aurpegia jarri zuen zigarroa alkandorako poltsikoan sartu eta erretzaileentzako gunea non zegoen galdetu zuen gizon koitaduak, hamar ordu iraungo zuen hegaldian ezingo zuela erre esan ziotenean. Hura ere ikasi genuen, ordea. Horregatik harritu ninduen orain egun batzuk hegazkinera igo eta laguntzaileak jo eta su ezin zela erre esanaz entzun nituenean. Erretzea debekatuta zegoela, komunetan zigarrorik ez pizteko, kea atzematen duten aparailuak zituztela... Geroxeago berriz... Erretzeko gogorik ez zuenari ere erretzeko gogoa jartzeko modukoa erakutsi zuten tema.
Hegazkinak aireratzeko adina denbora itxaron eta hasi ziren bidaiariei bata eta bestea eskaintzen, jan eta edatekoa lehenik, betaurreko, diru-zorro, kolonia eta gisakoak ondoren... Hara non azaltzen diren beranduxeago zigarroak esku artean dituztela «har ezazu zure nikotina dosia» esanaz. Kerik botatzen ez duten zigarroak eskaini zituzten, bai «kerik botatzen ez duten, guk garesti saltzen ditugun eta gure esanaren esanak jarri dizun erretzeko gogoa kentzeko zigarroak», alegia. Irribarrea aurpegian marraztuta zigarroak eskaintzen zituzten langile hauen nagusien kaltetarako bakarren batek baino ez zituen erosi ditxosozko zigarroak, jakin-minagatik beharragatik baino gehiago, nik uste. Gehienak konturatu ginen, ordea, antolatu zuten jolasaz, tentatu, benetan behar duzula sentiarazi eta orduan eskaini. Ezer saldu nahi duen edonork jokatu ohi du modu berean, kontua da horren lotsagabe eta trakets egiten denean, inozotzat hartzen ote gaituzten pentsatzen hasten garela eta amorru horrek niri behintzat erosteko ez beste ezertarako gogoa eragiten didala.