GARA > Idatzia > Ekonomia

LABeko irakaskuntzako langileek negoziazio kolektiboa aldarrikatu dute

LABeko ekimen sozialeko ikastetxeetako langileek negoziazio kolektiborako deia egin dute, pairatu dituzten murrizketei irtenbidea ematen saiatzeko asmoz. Langileek, kendu dieten dirua itzultzeko eskatu, eta negoziaziorik ez bada, konfrontaziora joko dutela ohartarazi dute.

p033_f01.jpg

GARA | BILBO

«Langileekiko zor bat duzue, eta bidegabekeria hau negoziazioaren bidez konpontzen ez duzuen artean, langileok konfrontazioa areagotu beste biderik ez dugu izango», horixe da LABeko ekimen sozialeko ikastetxeetako langileek Jaurlaritzari eta ekimen sozialeko titularrei igorritako mezua. Atzo Bilbon eginiko agerraldian, pairatzen ari diren murrizketak eta baldintza eskasak salatu zituzten gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileek.

Horrela, ikastetxe publikoekin alderatuz, itundutako ikastetxeetako eta ekimen sozialekoetako langileek baldintza eskasagoak dituztela salatu dute. Azaldu dutenez, ezberdintasun horiek hainbat arlotan azaltzen dira; ratioetan, lizentzietan eta ordainsarietan, alegia. Ekimen sozialeko langileen ratioa, batez beste 1,30ekoa da; ikastola publikoetan, aldiz, 1,60koa. Soldatari dagokionez, ekimen sozialeko irakasleen soldata, ikastetxe publikoetako langileekin homologatuta dago %95ean. Irakasle ez diren langileen kasuan, ordainsariak ez daude homologatuta.

LABek nabarmendu duenez, soldatetan jasandako murrizketen harira abiatutako prozesu judizialean epaileak arrazoi eman zien, eta titularrek indarrean zeuden taulak errespetatzeko eta kendutako dirua itzultzeko agindu zuen. Titularrek epai horren aurkako helegitea jarri dute, ordea. Hori dela-eta, sindikatuak erreklamazioak jartzen ari dira, jakinarazi dutenez, kendutako dirua berreskuratzeko.

Negoziazioa edo borroka

Gatazkari irtenbidea emate aldera, «epaiaren zain» gelditu beharrean, blokeo egoera negoziazio kolektiboaren bidez konpontzera deitu du LABek. Azaldu dutenez, itundutako ikastetxeetan, murrizketen ondorioz 2010ean galdutakoa berreskuratzeko akordioa adostea lortu dute. 2011koa, 2012ko lan hitzarmenaren negoziazioan eztabaidatuko dute. Ildo horretan, ekimen sozialeko ikastetxeetan era honetako akordioak lortzea posible izan beharko lukeela uste du LABek. Hain zuzen, ekimen sozialean LABek duen ordezkaritzak (%7) kendutako dirua berreskuratzeko ahaleginean dihardu, eta patronalak, negoziazio mahaiaren bueltan, murrizketetako dirua nola itzuliko dien azaltzeko eskatu dute. Hala, egoerari irtenbidea emateko prest agertu da sindikatua, dela negoziazioaren bidez, dela konfrontazioaren bidez.

epaia

Murrizketak direla-eta, epaileak arrazoi eman die langileei, eta dirua itzul diezaien eskatu die titularrei; azken hauek helegitea jarri dute. Dirua berreskuratzeko erreklamazioak jartzen ari dira langileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo