Lurramako antolatzaileak oso pozik bertaratu diren 25.000 bisitariekin
Arantxa MANTEROLA | BIARRITZ
Biarritzeko Irati aretora bertaratu direnak «ongi sentitu» dira, Lurramako antolatzaileen esanetan. Kanpoan eguraldi arras txarra izaki ere, barnean «giro ona eta laguntasunaren berotasuna» gailendu zirela nabarmendu dute.
Erakustazokaren seigarren edizioa amaitu berri dela, lekualdaketaren erronka gainditu duela esan daiteke, beraz. Izan ere, sortu zenetik Baionan igaro da azoka, eta aurten Biarritzen egin dute lehen aldiz. Tokia eta egitura bera askoz egokiagotzat jota erabaki zuten areto horretan egitea, eta emaitza ikusirik, datorren urterako hitzordua ere leku berean eman dute.
Belaunaldi gaztea
Hiru egunetan 25.000 bisitari izan dituztela adierazi dute, horietatik 9.600 haur eta gaztetxo. 2.500 bazkari eta afari zerbitzatu dituzte eta igandean sukaldari ezagunek prestatutakoak sekulako arrakasta izan zuen.
Bisitarien artean adin guztietako jendea izan bada ere, antolatzaileek horien gaztetasuna nabarmendu dute. Horrek, indar eta itxaropena ematen diela gaineratu dute, Lurramaren mezua -laborantza herritar, kalitatezko eta iraunkorraren premia- biharko belaunaldiei hedatzea lortu dutelako.
Festa giroan egindako ekimenez aparte, baserritarren etorkizun kezkagarria gaitzat hartuta egin diren mahai-inguruetan 450 bat lagunek parte hartu dutela ere jakinarazi dute.
Halaber, Bretainiatik Euskal Herrira 70 laborarik osatutako ordezkaritzak Lurraman utzi duen lekukotasunak jendea markatu duela nabarmendu dute. Beren esperientzia azalduz, hango laborantzan eta abeltzaintzan ustiatze intentsiboak eragin dituen ondorio kaltegarri eta kezkagarrien berri eman dute Lurraman.