Berlusconik esan du ez duela utzi nahi, baina ikusteko dago jarraitu ahal izango duen
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak azkar ezeztatu zituen atzo goizean hainbat hedabidek zabaldutako zurrumurruak, bere kargua utziko zuela esaten zutenak. Erromako Kongresuak gaur bozkatuko ditu herrialdeko aurrekontuak, eta Berlusconik «traiziotzat» jo zuen bere kontra egin dezaketen kideen -edo kide ohien- jarrera. Izan ere, krisiak Italian duen eraginari aurre egiteko gaitasunik agertzen ez duen arren, eta herrialde horretako ekonomia Nazioarteko Diru Funtsaren eta Europar Batasunaren zaintzapean geratu bada ere, enpresaburu eta politikari populistak ez du inondik inora amore eman nahi. Agian, jakin badakielako behin kargutik ateratzen denean, zain dituen epaiketek ondorio txarrak ekarriko dizkiotela.
Baina auziaren muina ez da kargua utzi nahi duen edo ez, baizik eta kargu horri eusteko babesa izango duen. Eta azken egunetako datuek adierazten dute litekeena dela babesik ez izatea. Bere alderdiko diputatu askok bere aldamenetik alde egin dute, eta gobernua sostengatu duten beste alderdiek jada ez dute baztertzen hauteskundeak aurreratzeko aukera. Beslusconiren patua, beraz, inoiz baino beltzago ageri da gaur.