GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

SOKATIRA

Abadiño eta Sokarri izan dira lehen jardunaldiko onenak

Jon LEUNDA

Larunbatean abiatu zen Adunan Euskal Herriko Lauko Sokatira Txapelketa, eta lehen jardunaldian 320 kiloko lehen saioa jokatu zen. Hamaika talde aritu ziren lehian, eta bi txandatan banatuta neurtu zituzten indarrak.

A multzoan Abadiño A izan zen jaun eta jabe. Jokatutako tiraldi guztiak irabazi egin zituen. Sokarri A sailkatu zen ondoren. Garaileekin galdu egin zuen, baina gainerako talde guztiak mendean hartu zituen. Multzo honetako hirugarrena Urruña izan zen. Lapurtarrek lehen bi sailkatuekin galdu egin zituzten tiraldiak, baina Ñapurrak eta Ibarra mendean hartzeko modua egin zuten. Ñapurrak taldeak Ibarra A bakarrik menderatu ahal izan zuen, eta gipuzkoarrek saioko tiraldi guztiak galdu egin zituzten.

B multzoan, Sokarri B izan zen onena. Bizkaitarrek lehiarik handiena Ibarra A taldearekin izan zuten, baina haiei irabazi egin zieten, baita gainerako talde guztiei ere.

Gipuzkoarrek ezin izan zituzten Sokarrikoak menderatu, baina bai lehian aritu ziren gainerako talde guztiak, eta bigarren postuan amaitu zuten. Hirugarren Abadiño B sailkatu zen, aurreko biekin tiraldi guztiak galdu, eta gainerakoei irabazita. Laugarren Abadiño C geratu zen, eta horretarako Sokarri C eta Kuartango-Urkabustaiz taldeei irabazi egin behar izan zien. Sokarri C taldeak Kuartangoren aurkako bi tiraldietan bakarrik lortu ahal izan zuen garaipena, eta arabarrek, berriz, denak galdu zituzten.

Bigarren jardunaldia datorren larunbatean jokatuko da Ezpeletan, eta pisu berekoa izango da. Orduan jakingo da azaroaren 19an Abadiñon jokatuko den finalean zein arituko diren. Multzo bakoitzeko lehen hiru sailkatuek lortzen baitute azken saioan aritzeko txartela. Oraingoz, faboritoak agintzen hasi dira, eta, normala den moduan, berriak ezinean. Txapelketa bera abenduaren 17an amaituko da Arrankudiagan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo