«ARABATIK ARABARA EUZKARAZ»
Euskaltzaindiak Jagon Jardunaldiak egingo ditu ostiralean Artiumen
Ostiral honetan, akademiaren Sustapen batzordeak antolatuta, XVI. Jagon Jardunaldiak egingo ditu Euskaltzaindiak Gasteizko Artium museoan, «Arabatik Arabara euskaraz» izenburupean. Araban euskarak suspertze bizkorra izan du azken 40-50 urte hauetan, eta euskararen iragana, egungo egoera eta etorkizunari buruz hausnartzeko egingo dituzte jardunaldiok. Gainera, Arabako euskaldunen ezaugarriak zein diren ikasi eta euskarari buruzko diskurtso berriaz iritziak trukatuko ditu Euskaltzaindiak Arabako elkarte eta erakundeekin batera, Aldundiaren laguntzarekin. Era berean, hainbat administraziotan garabidean den hizkuntza politika edota Arabako gizartearen eremu desberdinetatik euskararen erabilera sustatzeko edo euskarari beste arlo batzuetan sarbidea emateko asmoz abiatu diren egitasmoak aztertu eta hizpide ere izango dituzte. Jardunaldiak goiz eta arratsaldez egingo dituzte, irekiak izango dira, baita doakoak ere, eta entzule gisa nahi duena joan daiteke. Manu Ruiz Urrestarazu, Jon Aizpurua, Olatz Altuna, Miel A. Elustondo eta Iñaki Martinez de Luna arituko dira, besteak beste, hizlari.