Kronika | Uholdeak Euskal Herrian
Etxebizitzak hankaz gora utzi ostean, galerak dira orain kezka nagusia
Eguneko argiarekin, euriak eragindako kalteak baloratzeko garaia heldu zen atzo, lo segidan egitea ezinezkoa izan zen gau luzearen ostean. Donostiako Martutene auzoan, gune kaltetuenetako batean, bizilagunek elkarri lagunduta atera zituzten etxeetatik traste hondatuak eta lokatz ur zikinak.
O. LARRETXEA - I. ERASO
Martuteneko auzokideek hamarkadak daramatzate uholdeak eta hauek eragiten dituzten kalteak sufritzen, baina iragandako asteburuan gertatutakoak ordura arte bizitako guztiak gainditzen dituela baieztatu zuten egunkari honekin hitz egin zuten bizilagun guztiek. Etxebizitza askotan metro eta erdi hartu zuen urak eta trasteak aldez aurretik gorago kokatutako leku batera igo arren, alferrik izan zen. Urak dena harrapatu zuen.
Igande gaua, aurreko eguna bezalaxe, ez zen batere erraza izan. Donostiako auzoan bizilagunek kezka handiaz begiratu zioten asteburu osoan zehar Urumea ibaiari eta pasatutako urduritasun eta beldurraren ostean ezinezkoa izan zen lasai lo hartzea. Horregatik, goizeko lehen orduetan, ia eguna egin aurretik, erratzak eta ontziak hartu zituzten, etxeetatik kalera ateratzeko lokaztutako ur zikina. Eguraldi txarrak gogoz astindu zuen auzo honetan erratzak eta gomazko bota altuak besterik ez ziren ikusten.
Kaleak talde txikitan bildutako bizilagunez beteta zeuden, batak besteari «ai ama!» eta «ene!» bezalakoen artean gertatutakoaren berri ematen. Amadeoren supermerkatu aurrean ere jendea zegoen, seguruen partzuergoaren teknikariaren zain. Galerak begi bistakoak ziren eta hitzak soberan zeudela iritzi zuen. Hala ere, azaldu zuen atean bertan agertu ziren hozkailu handiak atzealdean egon ohi direla. «Dena lekuz kanpo dago -erantsi zuen-. Bestalde janaria... guztia galdu da: arraina, haragia, fruta... ezinezkoa zait azkar batean galdutakoaren kalkulua egitea», zioen. Adindun gizon honek 25 urte darama negozioan eta sekula halakorik ez zuela ikusi baieztatu zuen. Apalategiak guztiz erorita, bertan zegoen guztia lurrean barreiatua zuen. Tristuraz begiratzen zuen lokalaren barrualdera, eta une gogorrak zirela esan arren, negarra egitea «alferrik» dela iritzi zuen.
Osasungintza Publikoko teknikaria agertzear zela iragarri zuen lagun batek. Janariarekin zer egin adieraziko zion horrek, ondoren arratoi-hiltze planak abian jartzeko.
Mari Carmen Lopez eta Juan Carlos Aragon jo eta fuego ari ziren El Nido taberna atontzen eta garbitzen. Aurreko egunean gertatutakoa oroitzean beldurra sentitzen zuela onartu zuen Lopezek, «uraren aurka ezin delako ezer egin. Kalean behera olatuak ikusten ziren, eta aurretik harrapatzen zuen guztia suntsitzen zuen: autoak, kontainerrak... gure taberna ere oso kaltetuta dago. Altzariak gainera egurrezkoak dira eta guztiak ustelduko dira».
Lokala garbitzera seme-alabak eta lagunak gerturatu ziren, «zorionez halako uneetan jendea oso solidarioa delako». Laguntza beraz, ez zen falta.
Normaltasunerantz
Etxebizitzetan ere handiak izan ziren kalteak. Etxarri-enean, esaterako, ohituta daude eguraldia okertzen denean Urumea gertutik zaintzen, eta urtero ur azpian gelditzen da euren baratza. Igande arratsaldean ordea, minutu gutxiren buruan ura etxeko sotora heldu zen eta metro eta erdiko altuera hartu zuen. Katiuska berdeak jantzita, Rafael, Joakin eta Jose Luis Larretxea anaiek lanean ziharduten. Igandean kandelen argitan afaldu zuten 17.00etan joan zelako argia, eta atzoko garbiketa lanak ere argi artifizialik gabe egin behar izan zituzten, ahal zuten moduan. Atzo arratsaldean auzoan Iberdrolaren 900 erabiltzailek argindarrik gabe jarraitzen zuten eta Hernanin ere beste hainbeste gertatu zen.
Urak 1983ko uholdeetan baino galera handiagoak eragin dizkietela adierazi zuten. «Garai hartan paretan marka egin genuen, ura noraino heldu zen gogorarazteko, baina tamalez atzoko urek ezabatu egin dute», esan zuen Jose Luisek.
Egoerarekin zerbait gozatu zuen bakarra «Xarpa» txakurra izan zen. «Sotoa urez betetzen hasi zenean igerian ibili zen eta baratzean ere Urumeatik igotako ahateak ehizatu nahian ibili zen», adierazi zuen Joakinek.
Bestalde, kalte guztiak ikuskatzera Txomin auzora bertaratu ziren Donostiako Udaleko Juan Karlos Izagirre alkatea, Herri Babeseko zinegotzi Nekane Burutaran eta Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzi Nora Galparsoro. Eneko Goia jeltzalea ere bertan izan zen bizilagunekin solasean.
Gipuzkoako herri batzuetan ere Martutene eta Txomin-Loiola auzoetako irudia errepikatu zen. Astigarragan esaterako, garajeak lokatzez beteta zeudenez Udalak ur ponpak jarri zituen herritarrei laguntzeko, Maite Olaziregi alkateordeak adierazi zuenez. Herriko anbulatorioa itxita, eta herriaren beheko aldean telefonorik gabe zeuden atzo.
Andoainen, igandean Kale Nagusia itxi ostean, atzo eguerdian zabaldu zuten berriro. Garbiketa lanek, baina, bere horretan jarraitu zuten, esaterako, Bazkardo industrialdean.
Hain zuzen, Hernaniko Eziago industrialdeko lantegietan ere kalte handiak eragin ditu euriak. Bertan, lokatza eta lokatza ateratzen ziharduten Urduri galdaragintza enpresako hamar langileak. Kalteak zehazteke zituen Jose Ramon Garcia nagusiak, baina «zorionez» tailerra lehenengo pisuan duela esan zuen. Hala ere, milaka euro balio duten bost makina erosi berri ditu. «Ez ditugu erabili ere egin eta orain ez dakit funtzionatuko ote duten ere», esan zuen. Aldi berean, gaineratu zuen lantegi askorentzat halako gertaera amaiera izan daitekeela: «Krisi garaian dagoeneko lantegi asko kili-kolo bazegoen, askok ezingo dute aurrera egin. Hondamendia izango da», adierazi zuen.
Bidasoaren beste aldean eguna lasaitasunez igaro zen, Meteo-France-ek alerta horia mantendu zuen arren. Aturri ibaia gertutik zaindu zuten bizilagunek, batez ere itsasgoraren ordua gerturatu ahala. Euskal Herriko beste lekuetan bezala, bizilagunen egiteko nagusia garbiketa lanak izan ziren, baita etxeetatik ura atera eta uholdeek eragindako kalteei aurre egitea ere.
Kalte handienak Garazin izan zituzten. Arrosan, Gurea altzari fabrika urak hartu zuen eta hogeita hamar langileak ahal zituzten objektu guztiak berreskuratzen ibili ziren. Erdialdeko jatetxe batek ateak itxi behar izan zituen atzo, eta herrian ez zuela sekula halakorik ikusi baieztatu zuen.
Senpere eta Azkaine uholdeetara ohituta dauden arren, oraingoan Urdazubi ibaiaren ura metro batzuk besterik ez zen igo. Hain zuzen, halako egoerak ekiditeko eraiki zen Lurberria presa eraginkorra izan dela iritzi zuten bizilagun guztiek.
Informazio bulegoak
Uholdeek eragin dituzten kalteak baloratzeko eta aurrerantzean zer plangintza bideratu erabakitzeko bilera egin zuten atzo Donostian Lakuak, Gipuzkoako Aldundiak eta galerak jasan dituzten hogei udaletxek eta gehiagok. Bertan hartutako erabakien artean dago, Rodolfo Ares Barne sailburuordeak adierazi zuenez, herri bakoitzean informazio bulegoak jartzea. Bizilagunek aseguruei egin beharreko erreklamazioak bertan egiteaz gain, jasandako galerak dokumentatu ahal izango dituzte. Lakuak eta Diputazioak halaber, bulego bat zabalduko dute udaletxeetan irekitakoen lana errazteko helburuaz.
Bestalde, Aresek gogorarazi zuen gaur egungo araudiak ez duela aurreikusten hondamendi eremuak izendatzeko aukera, eta dekretu bat dagoela diru laguntzak nola banatu ezartzen duena. Horren bidez arautzen da asegururik gabeko bizilagunek eta administrazioek zein diru laguntza jaso dezaketen.
Hain zuzen, Izagirrek hondamendi eremutzat hartzeko eskatu zuen atzo, Aresek adierazpenak egin baino ordu batzuk lehenago. Egindako agerraldian, asteburuko datuak 1983ko uholdeekin alderatu zituen alkateak, eta ohartarazi zuen «2.400 pertsona baino gehiago» direla kaltetuak. Hala ere, lasaitasun mezua helarazi zien galerak jasan dituzten guztiei, «okerrena» igaro dela gaineratuz. Zorionez, eguraldiak gaur hobera egingo duela diote iragarpenek.