GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Gurutz Garmendia Auzolan ekimena

Auzolan topaketak, zaharrak berri Usurbilen

Benetan beldur handia ematen du zezen beltzak, denok ere lepotik harrapatzen baikaitu, baina talde-lanean menderatu dezakegu Ez da makala aurrean daukagun mendi gailurra, baina handiagoak direnak ere egin izan ditugu euskaldunok. Mendi tontor gainera igo behar dugu.

Behin batean, aspaldi-aspaldi, mendiek eta animaliek izenik ez zuten sasoian, ba omen ziren Urola ibaiaren inguruan bi mendi nagusi. Eta biek ere, bazter haietako nagusitasuna aldarrikatzen zutenez, ospetsua omen zen bien arteko ezinikusia. Eta horrela behintzat, honelaxe galdetu omen zion mendi batek besteari egun batean: «Hi zer haiz?» Eta besteak, berriz, honelaxe erantzun: «Hi bezalako zazpi!». Eta handik aurrera, bata Izarraitz eta bestea Izazpi izan omen ziren.

Eta egiak egi, ederrak eta bereziak dira elezaharrak, baina aldi berean gogor eta zakarrak ere badira. Sinesmen zaharrek gure mundua ulertzeko eta antolatzeko bidea ematen digute eta kontakizun bakoitzak bere esanahia dauka. Eta agian arestiko kontakizun txikiarena, erronkei aurre egitearena izango da. Zezen beltza aurrez aurre hartu eta adarretatik eusteko premiarena. Bai norbanako gisa, bai eta euskaldun gisa ere, ez badiogu zezen beltz oldarkorrari adarretatik eusten, txarto behar dugu izan.

Gaur egun pairatzen dugun sistema kapitalista, faxista, liberal berri eta globalizatzaileak hainbat tresna erabiltzen ditu gu denok erdi akabatuta lagatzeko. Baina, zorionez, hainbat herritarrek, enbidoari aurre eginaz, hordagoa bota dute. Usurbilgo herrian antolatutako I. Auzolan Topaketetan, gaur egun daukagun gizarteari buruz berba egin zen eta atalez atal gure gizarteko hainbat esparru aztertu; hala nola, argindarra, euskalgintza, deshazkundea, elikadura, osasuna, kultura, hezkuntza...

Eta hasiera besterik izan ez bazen ere, eman dira aurreneko pausoak eta jarriak dira hurrengo bilera egunak. Azaroaren 12an Iruñean bilduko gara, eta hemendik dei egiten dizuegu parte hartzera.

Abian da, beraz, Auzolan ekimena, eta gizarte berdinzaleagoa lortzeko asmoz auzolana eta batzarra bultzatu nahi ditu, herriz herri. Tokian tokiko burujabetasuna aldarrikatzen du eta hori lortzeko tresnak auzolana eta batzar edo bilerak izango dira.

Benetan beldur handia ematen du zezen beltzak, denok ere lepotik harrapatzen baikaitu, baina talde lanaz menderatu dezakegu. Horrela egiten zuten lana gure antzinakoek eta geuk ere badugu zer ikasia haiengandik. Jasone Mitxeltorena etxalartarrak idatzitako liburu bikainean, hainbat argibide lor daitezke: «Auzolanaren kultura. Iraganararen ondarea, orainaren lanabesa, etorkizunaren giltza» liburua izango da Auzolan ekimena herriz herri eta auzoz auzo aurkezteko baliabidea, eta dagoeneko salgai dago liburutegietan.

Bestalde, Internet zaleentzat ere hortxe dago aukera, www.auzolan.info webgunean, eta hor aurki daiteke ekimenari buruzko beharrezko informazio guztia.

Abian da aro berria eta ilunpetan zegoen tunel umeletik ateratzen hasiak garenez, argitasuna nonahi antzematen da. Baina argitasun gehiegi izateak ere, nahasmena sor dezake. Geldialdia egin eta hausnartu beharra dago. Tunel osteko argitasuna zabalegia da eta bidea aukeratu beharra dago. Ez da makala aurrean daukagun mendi gailurra, baina handiagoak direnak ere egin izan ditugu euskaldunok. Mendi tontor gainera igo behar dugu. Aurrera gizarte taldekoi eta berdinzaleak, aurrera auzolana eta batzarra!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo