GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Euskal futbolariak

Aulestia: «Ni oso gustura eta gogotsu nago Cadiz taldean»

Ondarroako atezainak azkeneko lau urteak Oviedon pasatu ditu, eta hango zaleek oso estimatua zuten. Azkeneko urtean ez du zuzendariekin harreman erraza izan, eta taldea uztea erabaki du.

p036_f01.jpg

Jon LEUNDA

Oinatz Aulestia 30 urteko atezain ondarroarra da. Eibar, Athletic B, Playas de Jandia, Leonesa, Oviedo taldeetan aritua da eta Cadizen jokatzen du egun.

«Lau urte eman ditut Oviedon eta oso gustura nengoen han. Azkeneko urtean, ordea, harreman zaila izan dut hango zuzendariekin. Beste atezain bat ekartzekotan zebiltzan, eta ez dut gustuko nahi ez nauten lekuan egotea. Beste bi urteko kontratua nuen, baina Cadizen eskaintza jaso nuen, eta hona etortzea erabaki nuen», aitortu du Oinatzek.

Oviedoko zaleek asko maite zuten Aulestia, eta, bere esanetan, taldea uztea dezente kostatu zitzaion: «Maitatua sentintzen nintzen. Zaleekin beti izan dut harreman ona, eta hura uzteak pena handia ematen zidan, baina lehen esan bezala, zuzendariekin ez nuen harreman ona, eta aldatzeko hautua egin nuen», berretsi du futbolari bizkaitarrak.

Cadizen ere oso gustura dago: «Talde handi batera etorri naiz. Oviedo ere hala zen, eta hau ere bai. Urte asko eman ditu Lehen Mailan, baita Bigarren Mailan ere. Ez dut uste Cadizen lekua Bigarren B Mailan dagoenik, eta gora eramaten saiatuko gara. Gustura eta gogotsu nago Cadizen», dio Oinatz Aulestiak.

Helburua igotzea da, eta presio horrekin jokatu beharko dute. «Etortzerako bagenekien hemen zer zegoen. Talde honen helburua igotzea da, eta horretan saiatu behar dugu. Presio hori badaukagu, baina ez dago besterik», dio. «Horretarako, lehen postuan geratzea oso garrantzitsua izango da. Aurrenak amaituta, igotzeko aukera askoz ere gehiago izango ditugu, eta estreinako helburua horrek izan behar du, eta gero igotzeak», erantsi du Oinatzek.

Oso hasiera ona

Aulestiak amestutako hasiera izan zuen Cadizen. Liga hasi aurretik jokatzen duten Ramon de Carranza Torneoan hiru penalti gelditu zituen eta Ligako lehen jardunaldian, bi. «Egia esan, oso hasiera ona izan nuen. Hemen, Ramon de Carranza Torneoak garrantzi handia dauka. Udineseren aurkako partidan penaltietara iritsi ginen eta hiru gelditu nituen. Gero, Ligako lehen jardunaldian, normala ez bada ere, hiru penalti izan genituen aurka, eta horietako bi geratu egin nituen», gogoratu du pozik.

Horrekin, zaleen miresmena lortu zuen Cadizen, eta dagoeneko oso maite dute. «Egia esan, oso gustura nago. Partida guztiak jokatu ditut; zaleek ere gustuko nautela uste dut, eta beti izaten da polita hori», esan du. Izan ere, Oinatz talde batean dagoenean erabat barneratzen da horretan, eta horrek batzuetan arazoak ere ekarri dizkio; Oviedon, esaterako. «Hirugarren Mailan bi urte pasa genituen eta urte txarrak izan ziren. Gobernuak ez zigun inongo laguntzarik ematen eta baztertuak sentitzen ginen. Igoeraren berotasunarekin esan behar ez nituen gauza batzuk esan nituen, eta arazo batzuk sortu ziren, baina hor amaitu zen».

Taldearen asmoa igotzea da, eta berea ere bai, dagoeneko Bigarren Mailan jokatzeko garaia baduela uste baitu. «Urte asko daramatzat Bigarren B eta Hirugarren Mailan, eta badut Bigarren Mailan aritzeko gogoa eta ilusioa. Ea datorren urtean Cadizekin lortzen dudan».

Zorteko dela ere onartzen du, orain arte ez baitu inon kobratzeko arazorik izan: «Ez dut inoiz horrelako arazo bat ezagutu, eta gauzak orain dauden bezala, arraroa da hori. Nik uste dut sekulako zortea izan dudala, tristea baita lankide batzuen egoera», esan du Aulestiak.

Carranzako giroa berezia bezain ederra omen da

Kanpotik ikusita, Ramon de Carranza estadioan giro aparta izaten dela pentsatzen dute futbolzale gehienek. Oinatz Aulestiak ere horixe esan du. «Hemengo giroa oso ona da, festa izaten da partidetan. Normalean, zelaietan ultrak dira gehien animatzen dutenak, eta gainerako jendea askotan isilik egoten da. Hemen ere horrelako talde bat badago, baina jende guztiak animatzen du, edozeinek. Denak aritzen dira kantuan, oihuka; oso giro ona izaten da harmailetan», dio Aulestiak. Zelaitik kanpo ere, taldeak oso harreman estua du zaleekin. «Hiri osoak babesten du taldea. Denak laguntzeko eta bultzatzeko prest egoten dira; oso polita da hau», amaitu du.

J.L.

Ez dauka etxera itzultzeko batere presarik

Oinatz Aulestiak aspaldi utzi zuen Euskal Herria, baina ez dauka itzultzeko presarik. Eibar edo Alaves bezalako taldeak erakargarriak izan daitezkeela onartzen du, baina kanpoan gustura dabil. Orain bi urte izan zuen gasteiztarren eskaintza, baina Oviedon geratu zen.

Iraupen luzeko kontratuak lortzen ditu

Gaur egun maila hauetan zaila izaten da iraupen luzeko kontratuak lortzea, baina Aulestiak lortu ditu. Euskal Herritik kanpo urte bakarra Playas de Jandian pasatu zuen. Leonesan bi egin zituen eta lau Oviedon. Cadizen ere urte batzuk egin nahi ditu atezain bizkaitarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo