Negoziazio kolektiboa, langileontzat ezinbestekoa den eta bermatu beharra dagoen eskubidea
Oraindik bete-betean harrapatuta gaituen krisiaren aitzakiarekin, azken urteetan hamaika neurri hartu dira langileen eskubideen eta interesen kaltetan. Lan merkatuaren erreforma, soldaten jaitsiera, pentsio publikoek pairatutako erasoa... inork ezin dezake uka langileak direla atzeraldi ekonomikoa gehien ordaindu dutenak. Oldarraldia, hala ere, ez da bere horretan gelditu, eta oraingoan langileen eskubideak defendatzeko ezinbesteko tresna den negoziazio kolektiboari hel dakioke. Izan ere, negoziazio kolektiboa Madrilera eraman edo, zuzenean, ezabatzeko asmoa azaldu dute, bakoitzak bere bidetik, gaur egun bertako gobernuan dauden edo gobernatzeko itxaropena duten alderdiek, PSOEk eta PPk, alegia, eta horrek kalte handie egingo lieke Hego Euskal Herriko langileei.
Horri guztiari aurre egiteko, negoziazio kolektiboaren euskal esparrua «gotortzeko», LAB-ek patronalaren eta sindikatuen arteko akordioa proposatu du, eta heldu diren hauteskundeetan parte hartuko duten alderdiei beren jarrera argi dezaten eskatu die. Ondo legoke hauek erantzuna azkar ematea, jokoan dagoena langileon etorkizuna baita.