GARA > Idatzia > Mundua

Pentagonoak lehentasuntzat jo du Pazifiko aldeko Asia

Asia-Pazifikoak Pentagonoarentzat garrantzi handia duela adierazi du Leon Panetta arduradun nagusiak. Aitortu duenez, «lehentasun estrategikoa» dute AEBentzat. Txinak inguru horretan duen pisua murrizteko, Pazifiko aldeko presentzia militarra areagotu nahi dute estatubatuarrek, abenduan Iraketik atera behar dutela aprobetxatuz.

Pazifiko aldeko Asiak du orain lehentasuna Ameriketako Estatu Batuentzat. Hori eman zuen aditzera Pentagonoko buru Leon Panettak. Aitortu zuenez, «lehentasun estrategikoa» du. Txinak inguru horretan duen boterea eta garrantzia murriztu nahi ditu Washingtonek.

«Inflexio puntu batean gaude, hamar urte gerran eman ondoren. Bada garaia Asia-Pazifikoarekin ditugun harremanak sendotzeko», nabarmendu zuen Panettak urriaren bukaeran hango herrialdeetan zehar egin zuen lehen biran. «Inguru honetan dugun presentzia militarra areagotzeko aukera dugu orain», esan zuen.

Iraketik abenduan aterako ditu Washingtonek han geratzen diren soldaduak. Afganistanetik ere alde egingo du. Hasi da soldaduak ateratzen, eta 2014a bitartean amaitu nahi du.

Pazifiko aldeko herrialde aliatuei berretsi zienez, AEBek lehentasuna emango diete, beren interesentzat «estrategikoak» baitira. Defentsa idazkariak mezu argia bidali die Pentagonoko langileei: «Ameriketako Estatu Batuek bertan duten presentzia militarra areagotzeko konpromisoa hartu dugu, eta ildo horretan jokatuko dugu».

Txinaren zabalkunde ekonomiko eta militarrari, baita Ipar Koreari ere aurre egin nahi diote AEBek. Asia-Pazifikoko aliatuei mezu «lasaigarria» bidali zien Panettak.

Hawaiin egoitza duen Foro Pazifikoa analisi zentroko presidentearen, Ralph Cossaren, aburuz, «Asiako zenbait herrialde Txinak duen eraginaren beldur dira, eta uste dute gai dela estatubatuarrak Pazifikotik kanporatzeko. Aliatuak lasaitzeko asmoz, presentzia militarra indartuko duela nabarmendu du Washingtonek».

«Foreign Policy» aldizkarian argitaratutako iritzi artikuluan, Hillary Clinton estatu idazkariak aurreratu zuenez, Barack Obama presidenteak estrategia horri eusteko asmoa du.

«AEBetako atzerri politikari dagokionean, Asiak leku berbera izan du gobernua errepublikanoa edo demokrata izan», gaineratu zuen Cossak.

Bere asmoak betetzeko, ordea, dirua behar du Obamak. Hori da zailena, Kongresuak aurrekontuak murriztu baititu.

Pazifikoan presentzia areagotu ahal izateko, diru murrizketaren erabakia aldatzeko eskatu zuen Panettak. Pentagonoak gutxienez 450 milioi dolar beharko dituela esan zuen.

Egun, 85.000 soldadu dituzte Asia-Pazifikoan, gehienak Japonia eta Hego Koreako baseetan. Dena den, gune estrategikoak izan arren, baliabide militarrak zertxobait murriztu ditu Washingtonek azken urteetan. Defentsako Informazio Zentroko kide Winslow Wheelerek azaldu zuenez, 2001ean Armadak 320 itsasontzi zituen inguru horretan, eta gaur egun, berriz, 284.

Segurtasun Berri Baterako Zentroko David Barno jeneral ohi eta adituaren ustetan, baliteke AEBek han dituzten hegazkin-ontziak (gaur egun hamaika) murriztea dirua aurrezteko.

Pentagonoaren datuen arabera, berrogeita hamar itsasontzi estatubatuar daude etengabe nabigatzen mendebaldeko Pazifikoan. «George Washington» hegazkin-ontzia ere ia egunero irteten da Japoniako basetik.

Aurrekontu murrizketak arriskuan jar dezake Etxe Zuriaren estrategia; nolanahi ere, zaildu behintzat egingo du. Horren jakitun, Panettak ez zuen zehaztu nahi izan zer egingo duten harremanak estutzeko eta Txinaren eragina ahultzeko.

Ideia orokorrak besterik ez zituen bota. «Aliantzak eraiki behar ditugu gure aliatuekin. Elkarrekin gauzak egiteko dugun gaitasuna agerian utzi behar dugu», adierazi zuen.

gailurra

Datorren asteburuan Asia-Pazifiko gailurra egingo dute Hawaiin. Thailandiako lehen ministroak ez dela joango adierazi du, herrialdeak jasandako uholdeak direla-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo