Segiko buruzagi izateaz akusatutako Telleria eta Izagirre, aske bermepean
Olatz Izagirre urnietarra eta Ion Telleria idiazabaldarra aske geratu ziren, atzo, Entzutegi Nazinalak bakoitzari finkatutako 12.000 euroko bermea ordaindu ostean. Segiko buruzagiak zirelakoan, iaz espetxeratu zituzten, Parisek euroaginduak onartuta espainiaratu eta gero.
A.M. | DONOSTIA
Entzutegi Nazioanalak bakoitzari ezarritako 12.000 euroko bermea kitatu ostean, Ion Telleria eta Olatz Izagirre aske geratu ziren atzo, lehena Valdemoroko espetxetik eta bigarrena Brievakotik.
Biek ala biek Segiko buruzagitzaren kide zirelakoan espetxeratu zituzten iaz, Madrilek eskatutako euroaginduak medio Estatu frantsesak entregatu zituenean.
Izagirre Ziburun atxilotu zuten 2010eko maiatzaren 6an Carlos Renedo, Asier Coloma eta Gaizka Likona arrestatu zituzten egun berean.
Haiekin batera Okzitaniako Seysses espetxera eraman zuten euroagindua aztertu bitartean. Paueko auzitegiak ontzat eman zuen Entzutegi Nazionalaren eskaera eta, hala, gazte urnietarra ekainaren 28an espainiaratua izan zen.
Justu hurrengo egunean, Paueko auzitegi berak Ion Telleriaren kontrako euroagindu eskaera ere onartu egin zuen.
Info7 irratian jarduten zuen idiazabaldarra ekainaren 9an atxilotu zuen Polizia frantsesak Senperen baina, beste gazteekin ez bezala, Grande Marlaska epaileak bideratutako euroagindu prozedura amaitu bitartean, Paueko epaitegiak aske utzi zuen kontrolpean.
Lapurdin bizi
Lehen erabakiari helegitea jarri zion Kasazio auzitegian. Alta, formazko alderdiak aztertzen dituen epaitegiak ez zituen aintzat hartu Telleriaren argudioak. Egunero komisaldegian aurkeztu behar zuen gaztea, atxilo hartu zuten abuztuaren 12an eta berehala entregatu zuten Estatu espainolari. Egun batzuk geroago epailearengana eraman zuten eta hark gaztea Soto del Realen espetxeratzea agindu zuen.
Gazte hauek guztiak modu erabat normalean Lapurdin bizi ziren, 2009ko azaroan 24an Segiren kontrako operazioan Poliziak atxilotzea lortu ez zituztenetik. Polizia espainolak eta Gaurdia Zibilak burututako sarekada hartan 34 gazte arrestatu zituzten.
Euroaginduetan «legez kanpoko erakunde baten kide izatea», -batzuren kasuan buruzagi- leporatu zieten. Denek «gazte independentisten militantzia kriminalizatzeko saiakera» salatu zuten.
Telleriak, esaterako, 2008 eta 2009an «euskal gazteriaren aurka izandako operazioetan 200 bat gazte atxilotu, haietako asko torturatu eta espetxeratu» zituztela azaldu zion Paueko epaileari, «lege bidegabea» ez aplikatzeko eskaera eginez. Alferrik, ordea, epaitegi bereziak, prokuradorearen eskaera onartuta, bi gazteak espainiaratzea deliberatu baitzuen.
Izagirre eta Telleria gaueko ordu txikitan iristekoak ziren euren herrietara. Lehenak Urnietako San Juan plazan zituen zain herrikideak eta, bigarrenak, berriz, Idiazabalen.