EUSKAL ORDEZKARIAK MADRILEN (IV) 2003
Bergarako proposamena, etorkizunerako hazia
Olaso dorrea, 2003ko abenduaren 16a. Ustekabean, indar abertzaleak Estatuko hauteskundeetarako biltzeko eskaintza bertan luzatu zuen ezker abertzaleak. Egitasmoak ez zuen orduan aurrera egin, baina indar metaketaren beharraren inguruko eztabaida piztu zuen. Handik zortzi urtera, Amaiurren gorpuztu da ideia hura.
Ramón SOLA
2004ko hauteskunde orokorretarako hiru hilabete eskas falta zirela, euskal agertoki politikoan astindua eragin zuen proposamena aurkeztu zuen ezker abertzaleak Bergaran. Herriaren izena hartu zuen proposamena, hain zuzen ere. Osagai esanguratsu asko zekartzan aurkezpenak. Mahaiaren ondoan, 70eko hamarkadan abertzaletasunaren bi esparru ezberdin ordezkatzen zituzten bi aurpegi historiko biltzen zituen argazkia: Manuel Irujo eta Telesforo Monzon. Olaso dorrean egin zen agerraldia; hau da, elkarrekin Eibarrera iristea ezinezkoa baldin bazen, Maltzagara behintzat elkarrekin joatea proposatzen zuen Monzonen etxean. Eta gaur egun beren jarduera politikoarengatik kartzelatuta dauden bi agintarik hartu zuten hitza: Arnaldo Otegi eta Rafa Diez. Horiekin batera mahaian, Jose Luis Elkoro, 70eko hamarkadan alkateen taldeko mintzakide gisa joana Madrilera.
2003ko urte horretan guztiz berritzailea zen proposamena zekarten besapean: autodeterminazioaren alde egiten zuten alderdi guztiak hautagaitza bakar batean biltzea, gero Madrilen aurrean Euskal Herriaren ordezkari izateko. «Adjetiborik eta siglarik ez duen ekimena jarri nahi dugu abian, gure etxeko giltza eskuratzeko asmoz. Zintzoki pentsatzen dugu iritsi dela ausardiaz eta zintzotazun politikoz jokatzeko unea. Orain arte egindakoa ez da nahikoa, gehiago egin behar dugu», adierazi zuen Otegik.
Une horretan, gainera, PPk beste lau urtez Moncloan jarraituko zuela aurreikusten zen, eta horrek oraindik beharrezkoagoa egiten zuen indar metaketa (gero, martxoaren 11ko sarraskiak eta Aznarren Gobernuak ondoren zabalduriko gezur sortak irauli zuen bozketaren emaitza, PSOEren mesedetan).
EAJk berehala eman zion ezetza Bergarako proposamenari. Helburu taktikoak ikusi zituen egitasmo honen atzean: ezker abertzalea legez kanpo utzia zen hilabete batzuk lehenagotik, eta emaitza kaskarrak lortuak zituen 2001eko EAEko hauteskunde lehian. Urtean joan urteak etorri, ordea, denon begibistan gelditu baita indar metaketaren aldeko apustua ez zela epe motzekoa, iraunkorra baizik.
Baina ezker abertzaleak ere ez zuen guztiz asmatu. Hautagaitza bakar hori lortzeko «gutxieneko baldintzak badira», ziurtatu zuten Bergaran. Ordurako zazpi hilabete zeramatzan ETAk hildakorik eragin gabe -Zangozan bi polizikide hil zituen ekainean- eta egiaztapen hori indarrak biltzeko nahiko izan zite- keela uste zuen. Baina ez. Jardun armatuari heldu zioten gainerako euskal alderdiek, egitasmoa egoki ikusten zutela baina baldintzak ez zirela betetzen erantzuteko.
Nafarroan luze joan zen Bergarako proposamenaren inguruko eztabaida, hautagaitzak aurkezteko epea agortu arte ia-ia. Nafarroa Bai koalizioa sortua zuten Aralarrek, EAk, Batzarrek eta EAJk zertxobait lehenago. Bergarako filosofia ardatz hartuta, beraiekin bat egiteko prest agertu zen ezker abertzalea, baina jeltzaleek honi jarritako betoa nagusitu zen azkenik.
Hautestontzietaraino
Ezker abertzaleak azkeneraino eraman zuen Bergarako apustua, eta 2004ko martxoaren 14ko hauteskundeetan autodeterminazioaren aldeko botopapera erabili zuen, proposamenak kalean harrera ona izan zuela egiaztatu ondoren.
Baliogabetu zuten, noski, baina hazia ere bihurtu zen. Zortzi urte geroago bideragarria izan da orduan ezinezko zirudiena: Amaiurren gorpuztu da inoizko indar metaketa handiena, Euskal Herriaren eskubideen alde eta Madrilen Euskal Herriaren ordezkari gisa jokatzeko erantzukizuna bere gain hartuta.