Haizea BARCENILLA Arte komisarioa
Transzendentzia
Eskubaloiko beteranoen ligan hilabetean partida pare bat jolasten dituzten lagun batzuek eskaintza berezi bat jaso dute: haien taldearen norgehiagokak streamingean, Internet bidez zuzenean, ematea proposatu die enpresa batek. Txundituta daude lagunak: nork ikusi nahiko lituzke haien partidak? Interesa, eurentzat, kirol pixka bat egitea eta elkartzea da; noizean behin haiek ikustera joaten garenok, senide eta lagunak denak, besteekin elkartu eta ordu dibertigarri pare bat pasatzea dugu xede. Han jokatzen den eskubaloia, onar dezagun, ez da maila bikainekoa.
Badago egungo teknologietan hautakortasunaren galera. Lehen beste batzuek hautatzen zuten gugatik, garrantzitsutzat hartzen zutena mantenduz, bestelakoa baztertuz. Horrela galdu zaizkigu ondare asko, kolektibo askori hitza kendu zaio, eta teknologia berriek denon ideia, irudi, eta memoriak gordetzeko aukera ematen dute.
Alabaina, jarrera hori muturrera eramaten da, jende askok bere bizitza eta ingurunearen momentu asko bizi beharrean, dokumentatu egiten dituenean; mendian pasatutako asteburu bakoitzean inoiz begiratuko ez dituen 500 argazki atera eta Facebooken zintzilikatzen dituenean; bere blogean patata-tortilla zein ona atera zaion publikatzen duenean, edo lagunekin kirol elkarketak streaming bidez ematen direnean.
Igande goizetako partida horiek ez dira transzendentalak, baina bizipenaren balioa dute jokalarientzat, elkartzen garen lagunontzat, zelai inguruan korrika dabiltzan seme-alabentzat. Presentzia, eta ez errepresentazioa, da balioa, eta streamingak ezin du hori gorde.