GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

COMUNICADO DE EPPK

EUSKAL PRESO POLITIKOEN KOLEKTIBOAREN AGIRIA

p010_f01.jpg

Hiru hamarkada luze igaro dira 1977ko abendu hartan, Euskal jendartearen bultzada eta indarrak espainiar kartzelatan zuten azken preso politikoa atera zuenetik. Espainiak Euskal Herriarekin mendeetan zehar mantentzen duen gatazkari benetako irtenbidea eman ez, gatazkaren oinarri den euskal herriak bere buruz erabakitzeko eskubideari heldu ez eta berehala, 1978ko urtarrilean espetxeak euskal jendez betetzen hasi zen Espainiako aparatu errepresiboa. Gatazkaren oinarrizko arrazoien konponbideari lotutako Amnistia aldarrikapenaren esanahia hustu eta gure herriaren zapalketa eta bere eskubideen ukazioen oinarri-pean ekin zion espainiar estatuak bere trantsizioari. Ez zuten baina, Euskal Herriak bere eskubideei uko egiterik lortu. Mendeetako askatasun goseak herritarrak borrokari lotuta jarraitzera eraman gintuen. Ehunka baino milaka izan gara azken hamarkada hauetan atxilotu, torturatu eta espetxeratuak izan garenok, baita ihesari ekin diogunok ere. Espainiar Estatuaren zapalkuntza, ankerkeria, krudelkeria eta mendeku gosea bizi izan ditugu; bizi ditugu oraindik. Espainian iruzurrez iruzur sorturiko demokrazia ezaren garai haietatik egungo sakabanaketa politika hiltzailearen errealitaterainoko sufrikarioa. UCD, PSOE zein Alderdi Popularraren esku faxista, mendekatzaile eta odoltsuek gure kontra kolpez kolpe eginiko marra gorri latza, alegia.

Egun ere, beraien eskuetan gauzkatela-eta, ahalik eta denbora gehien nahi gaituzte burdin eta porlanezko etxola mingarri hauetan; egunerokotasunaren krudelkeriak mugarik ezagutu ezinean, gure izatearekin bukatu nahirik. Baina gu aspalditxo lotu ginen borrokari. Gure herriak eta bere historiak erakutsi eta emandakoak barne barnean daramatzagularik, bere askatasunaren aldeko lubakietan eraikuntza lanetan jardutea merezi duela ongi aski dakigu: halaxe sentitzen dugulako, halaxe amesten dugulako, halaxe lortuko dugulako.

Hiru hamarkada hauetan gure hatz minduekin ildoa egiten ari gara, Euskal Herriaren aurreneko egun askerainoko zubia gurutzatu nahirik. Une horretan, gure herria aitortua, gure etorkizunari buruz euskal herritarrok erabakiko duguna errespetatua izango dela bermatua izanen denean, espetxeak hustuta eta iheslariak etzean izango garenean, Amnistia bere zentzu zabalean izango dugunean alegia, izango du herri honek benetako bakea.

Urteetako lan horretan aldaparik eta harri koskorren kolperik ere pairatu izan dugu; bidean burkide, lagun eta senide askok utzi gaituztelarik. Madarikatuak diogu sarri, madarikatuak hiltzaileak, geureak direnekin batera gailurrera ailegatu nahi izan eta utzi ez digutelako. Haiei, inori baino lehenago, haiei diegu zor lortuko dugun garaipen hori.

Oraindik orain, lubaki honetan egin beharrekoak ez dira gutxi izango. Iruzurrez eta bortxaz inposatu diguten gatazka honek, finean, Euskal Herria eta bere eskubidearen aitortza baino ez du behar. Dagokiona. Jakinik gure konpromisoak hamarkadetako historia duela eta euskal eragileen arteko indar metaketak konpromiso eta zintzotasun berbera behar duela, horrelako benetako bultzada beharko dugu Estatuei gure herriaren etorkizuna beraien atzapar bortitz horietan duten giltza kentzeko.

Eta ari gara. Etorkizun askea irudikatu nahi dugun aro berri honetan euskal eragileok gatazkaren behin betiko gainditze bidean urrats esanguratsuak ematen ari gara. Horietan azkena, ETA erakundeak adierazitako borroka armatuaren bertan behera uztearena. Bere historia luze eta emankorraren ildotik, oraingoan ere ETA erakundeak arduraz eta Euskal Herriaren askatasunaren mesedetan ekin du. Bere ereduari begiratu behar dionik ez da falta ez, tamalez. Duela ez asko esan genuen, eta berriro diogu: Hobe lukete errepresio eta zapalketaren bide antzuari uko egin eta, beraiek ordezkatzen dituzten Estatuek ere prozesu demokratikoa bultzatzeari begira jarriko balira. Historiaren lezioa ikas dezatela behingoz Sarkozy, Zapatero, Rubalcaba, Rajoi eta enparauek. Konturatu daitezela "Et Domuit Vascones" zaharrarekin ametsetan joango direla beraiek ere. Beste batzuk saiatu ziren aurretik, baita porrot egin ere. Ibi amiltsu hori baztertu eta Euskal Herriarekin duten gatazka politikoa konponbidean jartzeko hautua egin beharrean daudela konturatu daitezela behingoz.

Guri dagokigunez, jakitun gara espainiar zein frantziar estatu horiek geu, euskal preso politikook gaituztela itu beraien zapaltzaile eta hiltzaile den asimilatze politika horretan. Zapalketa eta errepresio gordinaren bitartekoez baliatuz oraindaino ez dutela gure herriaren asimilatzerako obsesioan atsedenik. Atxiloketak, torturak, milaka herritarrekiko apartheid politika, aske geratu diren kideenganako herritarren ongietorri adierazpenak kolpeka ekiditeko saioak, kolaborazio eskaintza-mehatxuak, espetxe politika kriminalaren mantentzea... luzea da, bai, zerrenda. Legeak errepresioaren mesedetan nahikoa manipulatu ez eta jazarpen eta mendeku politikoak agintzen dutela erakutsi digute argi eta garbi.

Kontrako norabidean kokatu du etorkizuna gure herriak. Aspaldi hartu zuen etorkizun askearen hautua. Ez da, egun, Espainia eta Frantziaren errepresio eta mendeku politika justifikatzen duen herritarrik. Are gehiago, herritarren gehiengo zabal batek egin du bat euskal preso politikoen kontrako jazarpenaren kontra. Gernikako akordioaren baitan bildu diren indarrek, Amnistia osoaren bidean eta lehen urrats gisara Euskal Preso Politikoen eskubideak, oinarrizkoak zein politikoak, errespetatuak izan daitezen aldarria jarri du mahai gainean.

Bide horretan, presoon eskubideak berehala errespetatu, gaixo larriak askatu, baldintzapeko askatasunean egon beharko genukeenak aske utzi, bizi arteko espetxe zigor politikarekin amaitzea dira jada Estatuek eman behar dituzten lehen urratsak. Berehala eta inongo baldintzarik gabe.

Euskal Preso Politikoen kolektiboak indarra jarri nahi du aldarrikapen hauetan. Zentzu horretan, egoera horietan dauden gure kolektiboko kideek berehalako askatasun eskaera egingo dute datozen egunotan. Aldarrikapena kolektiboa da, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak eskaera hori publikoki berresten du eta euskal Jendarteari baldintza horiek inolako baldintzarik gabe eta berehala bete daitezen aldarrikatzeari dei egiten dio.

Prozesu demokratikoan urratsak eman bidean dispertsioarekin amaitu eta euskal preso politikoak, dagokigun estatus politikoa aitortuta Euskal Herrian batzea ezinbestekoa da ere. Prozesuan gure parte hartzea ahalbidetuko duen egoera betetzea ezinbestekoa baita prozesuak aurrera egin dezan.

Geuk, gure aldetik, heriotza edota bizi arteko zigor guztien gainetik, Euskal Herri aske baten aldeko apustuan tinko eginen dugu. Esan moduan, tinkotasunez, harrotasunez, umiltasun osoz eta itxaropentsu, nola ez, bada?

Jite honetan, igandean ere gure ekarpena egingo diogu apustu horri.

Gure herrian aro berri bat gauzatzeko urratsak ematen ari garen honetan, garrantzi berezia dute igandean Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroa Garaian izango diren espainiar gorteetarako hauteskundeak. Konpromiso une honetan ere gure bozka zuenarekin batera izango da bozka ontzietan.

Ez dezatela Espainiako estatuaren egonkortasunaren aldeko apustuan dihardutenek gure arteko inoren bozik jasoko dutenik espero. Madrilek finkatzen duen Estatu politika babestu, gure herriaren etorkizuna Espainiari lotuta irudikatu, autonomismoan sakonduz Euskal Herriaren zatiketa iraunkortu, Espainiako gobernuek urteetan abiatu dituzten ekimen errepresiboak esplizituki onetsi eta egun ere, Espainiako gobernuari egonkortasuna emanez gure kontra indarrean daukan dispertsio politika babesten duenak ez du, ez, gure bozik jasoko. Aho txikiarekin gure eskubideen alde daudela esan baina aho handiarekin eta ekintzekin gure kontra eta gure herriaren kontra estatuen jazarpen politika babesteak ez du balio. Hautua egin behar dute. Euskal Herriaren alde herri gisa gure hitza aurkezteko aukera paregabeari berriro ere ezetza eman dioten PNV eta pareko alderdiek ez dute gure bozik izango, inolaz ere.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa abertzaleekin, independentistekin, eraldaketa sozialaren aldeko borrokalariekin, parekotasunaren aldekoekin... finean, ezkertiarrekin! Gure herriaren askatasunarekiko konpromisoa dutenekin, apartheid politikoa sufritzen eta borrokatzen dutenekin, baztertuekin egongo da igandean EPPK. Baita etorkizuna den gazteria erreboltariarekin. Azken batean, Euskal Herria eszenatoki demokratikoan kokatu ahal izateko indarra egingo duten Euskal herritarrekin batera egongo da EPPK. Haiekin nahi baitugu askatasunerako zubia gurutzatu. Igandean milaka eta milaka izango gara Euskal Herri aske baten aldeko apustua egingo dugunok, Euskal Herria libre baterantz zubi hori igarotzeko apustua egingo dugunok. Eta astelehenean proiektu hori garatzen jarraituko dugu. Herri gisa, Espainiako gorteetan gure eskubideak aldarrikatuz behar bada ere, herritarronak diren udaletxe eta herrialdeetako parlamentuetatik noski, baina bereziki herri antolakundeetatik eta herritar dinamiketatik, baita gauzkaten ziega ilunetatik ere. Aurrerantzean ere, gure kolektibo izaerari eutsiko diogu, gure izaera politikoak eztabaida mahaietan izanen du tokirik, ahotsik eta ekimenik, elkar lanari hauspoa eman eta herri honi beharrezkoa egiten zaion prozesu horretan indar horiek askatuko ditugu: gutxiengo baldintzak lortuz, prozesuaren eraikuntzari hatz mindu umil hauekin ekinean jarraituz eta Estatuei euskal herritarron hitzari errespetua exijituz, beste biderik ez baitago herriaren libertatetik eratorritako bakean bizitzeko.

Hau da gure konpromisoa eta hau da Euskal Herritar orori luzatzen diogun eskaera.

 

Euskal Herriak amnistia eta autodeterminazioa!

Gora Euskal Herria askatua!

2011eko azaroan

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo