GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | auzolana, donostian eta usurbilen

Atsekabe eta haserrearen ostean, herritarren elkartasuna ate joka

Eurite eta uholdeek Martutenera eta Usurbilera txikizioa ekarri zuten orain astebete. Lohi artean hondoratu ziren herritar askoren ondare eta oroitzapenak. Atzo, ordea, bi Udalek hala deituta, dozenaka bizilagun arrimatu ziren hondamen eremuetara, aspaldikoa izanagatik, auzolana zentzua galtzen ez duen jarduera dela frogatuz.

p013_f01_111x111.jpg

p013_f02_321x312.jpg

p013_f03_321x312.jpg

p013_f04_021x023.jpg

p013_f07_132x312.jpg

Oihana LLORENTE

Goizeko zortziak aldera, lokartu aurpegia zekarten dozenaka lagun batzen joan ziren Martuteneko plazan. Zaharrak eta gazteak, auzokoak eta kanpokoak, denak elkarri lotsati agurtzen. Katiuskak eta arropa zaharrak soinean, lanerako gogo bizia antzematen zen bildutakoen artean. Tartean, hiriko alkate Juan Karlos Izagirre, gainerakoak bezala, eskularruak jarri eta erratza hartuta.

Auzo eta auzokideen beharrak azalduta, boluntarioak lan taldeka banatu, beharrezko materiala hartu eta lanari ekin zioten. Uholdeek Tranbia kalean eragindako kalteak konpontzeari ekin zioten hogei bat lagunek; beste horrenbestek, lur azpiko garajeak txukuntzeari; eta gainerakoak, han eta hemen ibili ziren, auzoko botikariari, harakinari, tabernariei, dendariei eta bizilagunei oro har laguntzen.

Estherren sotoan hasi zuten jarduna batzuek, giza katean, urak suntsitutako altzariak ateraz.Lur jota aurkitu genuen Esther, astebete daramate senarrak eta biek lanean, baina kalteak oraindik begi bistakoak ziren. Uholdeen ondorioak hiruzpalau aldiz jasan dituzte etxean; lehen aldia da, ordea, elkartasuna ate joka izan duela. Keinu horrek irri bat lapurtu zion, bederen.

Estherri laguntza eskaintzen ziotenen artean, Aratz Trecet aurkitu genuen, Donostiako Piraten Ezkila kapitaina, alegia. Horren gustuko duten jaia eta itsaso zabala baztertu, eta Martutenen porturatu ziren atzo hamarnaka pirata.

Donostiako Piratak herri mugimenduaren parte dira, eta hortaz, Trecetek aitortu moduan, «ezinbestekotzat» jo dute euren burua auzolanean kokatzea. «Guk jende asko mugitzen dugu, eta gure pirata sarea laguntzen jarri nahi genuen», agertu du. Era honetako gertaera larri baten aurrean, «herriak erantzun egin behar du», bere ustez; «herriari laguntza eskatu behar zaio, eta piratak ere herria garenez, hemen gara», gehitu du.

Altzariak pasa eta pasa zebiltzala, ilararen erdian EHGAMeko kide ezaguna den Mikel Martin topatu genuen. 1983an Bilbon lan egiten zuen, eta orduko uholdea gertutik sufritu zuela aitortu dio GARAri; «Orduan ni izan nintzen lagundua, eta gaurko auzolanarekin arantza hori kendu nahi dut», argitu du errenteriarra izan arren, Donostiara hurbildu den Martin.

Hondamendien aurrean lan kolektiboa egiteari «ezinbesteko» deritzo Martinek, eta uste osoz dio «giza kateek mendiak ere mugitu ditzaketela». Auzolana bezalako ekimenek, gainera, katastrofea sufritu dutenen azalean jartzen laguntzen dutela uste du, eta hori, «oso garrantzitsua» dela gehitu du.

Auzo elkartea, agintean

Auzolana auto-antolakuntzako sistema herritar oso egokia dela iritzita, aurrerantzean gehiagotan erabiliko beharko litzatekeela nabarmendu du.

Telefonoarekin aurrera eta atzera, eta aginduak eman eta eman Mikel Lasa zegoen. Martuteneko auzo elkarteko kidea da eta Udaleko kideekin batera auzolanaren antolaketan aritu da buru-belarri. Udalak, gainerako auzo elkarte, jai batzorde eta herri mugimenduekin elkarlanean boluntarioen brigadak antolatu ditu, eta Martuteneko auzo elkarteak, aldiz, beharrak identifikatu ditu; «asteazkenean alkatearen batzarraren ostean, auzoko beharrak aztertzen aritu gara dozena bat lagun atez ate, eta Udalak ekarritako brigadekin behar horiek bete ditugu», argitu digu.

Pozik zegoen Lasa herritarren erantzunarekin; «oso pozgarria da elkarteen, bizilagunen eta auzoen artean era honetako elkartasuna izatea», argitu du. Udalak deitutako auzolan hau, anabasa bilaka ez zedin, kontrolatua izan nahi zuen; hau da, «beharren eta lanaren araberako jende kopurua nahi genuen, eta ez zerura begira egoteko adina jende», zehaztu du Lasak.

Usurbilen ere, eskuz esku

Martutenen eta Txominen antzera, 200 lagun aritu ziren Usurbilen Oria ibaiaren ertzetako eremuak auzolanean garbitzen. Erribera lau guneetan banatu eta dozenaka lagun aritu ziren ordu luzez, baratze eta zelaietan pilatutako zaborra biltzen.

Santuene inguruan Iñaki Labaienen lur eremuan izandako kalteak konpontzen aritu ziren. Jabeak gorazarre hitzak besterik ez zituen: «Berrogei lagun etorri dira goizeko zortzietarako, Mertxe Aizpurua alkatea buru, eta soroak jasotzen ari dira. Oso eskertuta nago; izan ere, bakarrik egitea ezinezkoa izango zen».

Euriteek Usurbilen eragindako kalteak ikusita, herritarrak auzolanera deitu zituen Udalak. Alkatea pozik agertu zen herritarren erantzunarekin; «lagun asko bildu gara, eta udaleko brigada ere hemen dugu auzolanean», azaldu du. Pena bat du, ordea, Aizpuruak, izan ere, 1983an jazotako uholdeetan ez zen bandorik atera behar izan jendea elkartasunez aritzeko.

Belaunaldi gazteek ere bat egin zuten Usurbilen. Bertan zeuden Itaya taldeko kideak, eta auzolanean parte hartzea «behar morala» zela adierazi zion GARAri bertako kide Amaiak.

Zero Zabor taldekoak era bertan ziren, auzolana «herritarrak ardurak hartu eta bereak dituen arazoei erantzun antolatu eta bateratu bat emateko formula egokia» dela defendatuz.

Indarrean den logika merkantilistaren aurrean, harritzekoa da Urumearen eta Oriaren ibaiertzetara bertaratutakoak musutruk lan egitea. Ezer gutxi zekiten elektrizitatearen inguruan, are gutxiago ur bonbei buruz, baina elkartasunean adituak ziren eta hortxe dago auzolanaren arrakasta.

 

320

lagun inguru elkartu ziren Donostia eta Usurbileko auzolanetan. Lehenean, ez zen deialdi irekirik egin, baina 120 donostiar bertaratu ziren elkarteek deituta. Usurbilen ia 200 izan ziren lau guneetan banatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo