BERRIA | Koldo Aldabe 2011/11/11
Agendei begira
(...) Auzitegi Nagusia elkarrizketaren eta alderdi guztien legeztatzearen alde mintzatu dela ondoriozta daitekeela ezin esan, baina urteotan elkarrizketaren eta legeztatzearen aurka sutsu aritu diren elkarteen aurka gogor egin duela bai, auzi batean salaketak eragindako kostuak haien lepo jarrita gainera.
ETArekin elkarrizketatu edo ez hurrengo Espainiako Gobernuak erabakiko du, eta Sortu legeztatu edo ez Konstituzionalak. Herritarrek ez dute bigarren horretan eragiterik, baina hurrengo gobernua erabakitzeko orduan bai. Jakina da Raxoik edo Rubalcabak edo biek ETArekin hitz egingo duten edo ez aldez aurretik ezagutaraztea haietako baten aldeko botoan erabakigarriagoa izango litzatekeela Euskal Herrian beste inon baino gehiago.
Baina gai hori agendatik kanpo utzi dute bi hautagaiek, eta zeharka eta hitz gutxi esanez mintzatu dira. Dakigun bakarra da, batek irabazi zein besteak, gobernuburu berriak oposizioko burua deituko duela Moncloara «gaiaz» hitz egiteko.
Ageriago utzi du agenda ETAk, eta desarmea hitzorduetan apuntatuta daukala esan dio Gara egunkariari, gaur agertuko den elkarrizketan. Talde armatuak ere gatazka hauteskunde kanpaina bete-betean agerraraztea deliberatu du. Gara-k atzo aurreratutako apurra aintzat hartuta, gaur kanpainan diren alderdiek ezingo dute saihestu «gaiaz» mintzatzea.
Memoriaren Eguna zen atzo, eta kanpainak ere edan zuen hartatik. Hainbat ekitaldi egin ziren, alderdien arteko batasun handirik gabe, edo zatiketa nabarmenarekin. Baina ñabardurak albo batera -oraindik ñabardura handiak ere badiren arren-, biktima guztiak aintzat hartzeko mezua nagusitu zela esan daiteke. Bide luzea geratzen da, baina aurrera doazela irudi du.