GARA > Idatzia > Kultura

Hatortxu Rock Atarrabiara itzuliko da urtarrilaren 6 eta 7an

Presoen egoera salatu eta herritarrak sentsibilizatzeko helburua duen Hatortxu Rock musika jaialdiaren 13. edizioak bi eguneko formatua errepikatuko du. Bertan izango dira besteak beste, Bide Ertzean, Kerobia, Reincidentes, Soziedad Alkoholika, Leihotikan edo Ze esatek!.

p056_f02_148x104.jpg

GARA | IRUÑEA

«Euskal Herriarentzat etorkizuna itxaropentsu heldu bazaigu ere, kartzela politikaren inguruan ez dugu, momentuz, gauza berririk esateko», azaldu zuten Hatortxu Rockeko antolatzaileek. Horrexegatik prestatu dute, beste urte batez, «Hator, hator neska mutil etxera» jaialdia, «elkartasunaren soinu banda» osatuko duten hainbat talderekin. Alde batetik, gogoan izan nahi dituztelako kartzeletan jarraitzen duten 700 presotik gora eta, bestetik, «mundu guztiari oroitarazteko haien senide eta lagunek inoiz baino kilometro gehiago egin behar dituztela haiekin egon ahal izateko... horrek dakartzan arrisku eta sarraski ekonomikoarekin», esan zuten.

Iaz Zizur Nagusian izan ostean, Atarrabiara bueltatuko dira urtarrilaren 6 eta 7an. Izan ere, pasa den edizioan arrakastatsu suertatu zen formula errepikatuko dute aurten ere; larunbateko makrokontzertuez gain, formatu akustikoko emanaldia izango da ostiralean.

Kerobia eta Bide Ertzean izango dira ostiralean, 21.30ean hasita, jaialdia zabalduko dutenak. Nafarrek kontzertu akustikoa eskainiko dute; eta gipuzkoarrek, berriz, lagunez inguratuta joko dutela iragarri dute. Eurekin izango dituzte gonbidatu Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu, Amaiur taldeko Naroa edo Deabruak Teilatuetan taldeko Aritz, besteak beste.

Larunbaterako doinu gogorragoak eta dantzagarriagoak espero dira ohiko legez. Soziedad Alkoholika, Narco, Reincidentes, Leihotikan, Ken Zazpi, Betagarri, Ze esatek! eta Bad Sound System taldeek osatzen dute aurtengo bigarren jardunaldiko kartela. 19.00etatik aurrera, bi agertokitan izango dira kontzertuak, karpa banatan, eta bakoitzean lau taldek joko dute. Gainera, dagoeneko ohikoak diren DJak ere bertan izango dira: DJ Jo ta Txo eta DJ Elepunto.

Bi egunetarako sarrerak www.hatortxurock.org atarian jarriko dituzte salgai. Prezioa 12 eurokoa izango da ostiraleko kontzerturako (15 euro bertan) eta 20 eurokoa larunbateko saiorako (24 euro bertan). Bi egunotako bonua 25 euroan eskuratzeko aukera ere egongo da.

BI EGUN

Iaz arrakasta izan zuen formula errepikatuko dute aurten. Ostiralean, formatu akustikoan arituko dira Kerobia eta Bide Ertzean. Larunbatean, doinu gogor eta dantzagarriek hartuko dute lekukoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo