KRONIKA | ADITUEK BISITATU DUTE ZABALAGA BASERRIA
Mundu osoko eskulturazaleen pasioz bete da Chillida Leku
Hernaniko Zabalaga baserrian bildu ziren atzo Sculpture Network nazioarteko plataforma ospetsuko 180 kide. Autobusetatik jaitsi orduko ikusi genuen aniztasuna zela talde honen ezaugarri nagusia, baina pasio bakar batek lotzen zituen, eskulturak, eta horrek ekarri zituen eredu handi baten, Eduardo Chillidaren, lana bertatik bertara ezagutzera.
Maider IANTZI
Gehienak Alemaniakoak eta Estatu espainolekoak ziren. Bazen Europako bertze herri batzuetako jendea ere -Suitza, Britainia Handia, Austria, Herbehereak, Suedia, Estatu frantsesa, Polonia edo Txekiar Errepublikakoa- eta kontinente zaharretik kanpokoa -Zeelanda Berrikoa, Irangoa edo Israelgoa-. Anitz artistak ziren eta gainerakoak komisarioak, katedratikoak, museoetako eta parkeetako profesionalak, arkitektoak edo galerietako saltzaileak; eskulturarekin lotutakoak guztiak.
Valentziako Fanny Galera giza irudiekin lan egiten duen eskultoreak, adibidez, Chillida Lekura etortzen zen lehendabiziko aldia zuen. «Museoa itxi zutela jakin nuenean pena hartu nuen, aukera galdu nuela pentsatu nuelako. Orain, berriz, zortedun sentitzen naiz hemen nagoelako, hainbeste eskultorez inguratuta gainera», adierazi zigun. Chillidak leku hau sortzeko jarri zuen pasioa sumatu egiten dela baieztatu zigun zelai berdeen artean paseatu bitartean. «Nire lanean pertsonen arteko komunikazioari erreparatzen diot eta horregatik, espazio honek asko inspiratzen nau: bildutakoen izaera ezberdinek, erlazionatzeko moduek...».
Begira-begira, esanahi bila
Carlo Borerrek objektuak sortzen ditu, inongo erabilgarritasunik ez dutenak baina badutela diruditenak. Duchampen «readymade» edo «jada egina» kontzeptuari buelta eman eta «oraindik egin gabea» kontzeptua sortzen du eta jendea gogoetara bultzatzea da bere asmoa, Chillidaren obrei bezala, begira-begira gelditzea esanahiaren bila.