Xabier Izaga | Kazetaria
Biharkotasuneko poemak opari
Finantza merkatuen atzean pertsonak dauden bezala, argitaletxeen atzean ere badaude pertsonak, sentsibilitate handikoak izan daitezkeenak, finantza merkatuen atzean daudenak ez bezala. Tangoak dioenez, ehun urte ez dira ezertxo ere, baina hogeitsu urte aski izan daitezke liburu bat egun bateko lorea izan zen edo gaurkotasuna ez ezik biharkotasuna ere -Jose Luis Otamendiren hitzak hartuta- duen ikusteko. Susak ez bide du zalantza handirik egin eta opari ederra egin berri digu Joseba Sarrionandiaren «Kartzelako poemak» lanaren edizio berritu eta osatua eskainita.
Plazan da berriz ere euskal irakurleak eta euskal literatura, are (hara hainbat kantu ezagunen lekukotasuna) euskal gizartea ere asaldatu eta hunkitu zituen lan on, eder eta gordina. Asko irakurrita gaude kartzelaz, azken berrogeitaka urteetan batez ere, baina preso batek pentsa eta senti dezakeen horretara hurbiltzeko modurik bada, Sarrionandiaren lan hori irakurtzea da nik dakidan onena. Horra zertarako balio izan dezakeen poesiak, zertarako balio izan dezakeen literaturak. Seguruenik nik bezala beste askori ere kosta egiten zaie ulertzea nolatan liburu hori -eta, egia esateko, Sarrionandiaren obra osoa- ez dagoen hainbat erdaratara itzulita, Oscar Wilderen «Reading kartzelako balada» bezala, esate baterako. Ondo dakigu-eta horren arrazoia ez dena literatur dohainik eza.
Zer esango dut nik, ordea, «klasiko» horretaz Jose Luis Otamendik azken edizio bikain honen aitzin solasean esaten ez duenik? Zer esango diot bizitzaz -harresi artekoaz zein harresietatik kanpokoaz- Sarrionandiaren poemok irakurri dituenari?