GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

AMLIN CHALLENGE

Avironek garaipena eta puntu gehigarria batu ditu

J.L.

Avironek oso indartsu ekin dio Amlin Challengeri, Europako bigarren lehiaketari, atzo Rovigoren zelaian 10-43 irabazi baitzuen. Multzoko talderik ahulena zen atzo aurrean izan zutena, eta garrantzitsua zen, irabazteaz gain, puntu gehigarria ere batzea, eta Gajanen mutilek irabazteak ematen dituen lau puntuak lortu zituzten, baita erasoko puntua ere.

Atzoko garaipenak, gainera, balio handia zuen. Denboraldian kili-kolo dabil talde zuri-urdina, eta Ligan jokatu zuten azkeneko jardunaldian irabazi ostean, atzo horri jarraipena ematea garrantzitsua zen, nahiz eta beste lehiaketa batekoa izan. Hori lortu zuten, eta Gajanek esan zuen bezalaxe, indarra hartzeko balioko die jokalariei.

Europako lehiaketak datorren astean izango du jarraipena, eta Avironek ostegun iluntzean jokatuko du. Bordele izango du aurrean, Frantziako Ligan ari direnak hauek ere, eta berez, euskaldunak baino gutxiago dira. Hor ere garaipena eta puntu gehigarria atera behar dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo