GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

heineken Kopa

Jokoa hobetu arren, Biarritzek irabazi ezinik jarraitzen du

OSPREYS 28

BIARRITZ 21

J.L.

Aurtengo Biarritzek ezinean jarraitzen du. Europako lehiaketan zerbait egingo zuen itxaropena bazen, baina atzo galdu ostean, gauzak apur bat okertu egin dira, nahiz eta oraindik beste bost partida jokatu beharko diren, eta oraindik aukerak bere horretan jarraitzen duen.

Bolada txarrari amaiera ematea garrantzitsua zen, ordea. Harinordoki eta Yachvili lehen aldiz ziren aurten hamabostekoan, eta taldearen mailak hobera egin bazuen ere, ez zen garaipena lortzeko nahikoa izan, eta berriro ere galdu egin zuen.

Atzoko partidaren gakoa ostikoetan egon zen, euskaldunak ez baitziren fin aritu, eta hortxe joan zitzaien norgehiagoka. Gainerakoan, joko aldetik dezente hobetu zen zuri-gorrien maila. Entsegu marratik askoz ere gertuago ibili ziren, eta lortu ere bi egin zituzten, etxekoak baino gehiago, baina gero jaurtiketetan ez zuten asmatu, eta horrela ezin irabazi.

Orekatua

Neurketa orekatua izan zen, nolanahi ere. Biarritz irabazteko amorruz zelairatu zen. Aurrelariak presio gogorra egiten hasi ziren, eta entsegu marrara nahiko azkar hurbiltzen ziren euskaldunak, nahiz eta hori gainditzea dezente kostatzen zitzaien.

Hala ere, etxekoak kontraerasora azkar ateratzen ziren, eta horrek min dezente egin zien lapurtarrei. Falta dezente egin behar izan zituzten, agian batzuk egin behar ez zirenak ere bai, eta hor egon zen beste gakoetako bat. Etxekoak ostikoekin oso ongi ibili ziren, baina Biarritzek horretarako aukera gehiegi eman zien.

Amaieran beste porrot bat Biarritzentzat, eta etxeko hurrengo partida irabazi egin beharko du, bestela bai okertuko zaiola final-laurdenetan sartzeko aukera. Dena dela, atzo ikusitakoaren arabera, itxaropen apur bat sortuko zen zale euskaldunen artean, itxura hobetu baitzen, eta hemendik aurrera jokalari guztiak jokatzeko prest izango baititu Patrice Laguisquet entrenatzaileak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo