GARA > Idatzia > Kultura

Irungo Arkeologia Zinemaldian, historiaurrea aztergai nagusia

Irungo Oiasso Erromatar Museoak Bidasoko hamaikagarren Nazioarteko Arkeologia Zinemaldia hasi zuen atzo arratsaldean, «778: Errolanen Kantua» dokumentalaren emanaldiarekin. Larunbata bitartean, guztira hemezortzi filmek parte hartuko dute Sail Ofizialean.

p041_f01_148x80.jpg

GARA | IRUN

Bidasoko Nazioarteko Arkeologikoa Zinemaldiak film eta dokumentalen bidez historian zehar bidaiatzeko aukera ematen du. Sorreran, orain hamaika urte, zirkulu europarretan bilatu eta arakatu behar izaten zituzten antolatzaileek programazioa osatzeko lanak, baina aurten euskal dokumentalen urtea da, zinemaldiak hartu duen indarraren erakusle. Ekaineko haitzuloetako pintura paleolitikoa, Aralarreko historiaurreko kobre-meategiak, La Hoyako II. Burdin Aroko herrixkako erasoa (Laguardia), Errolan hil zeneko Orreagako borrokaldia eta euskal baleontzien espedizioak Ternuara dira lanotan azalduko diren gaiak.

Zinemaldia «778: Errolanen Kantua» filmarekin hasi zen atzo, eta gaur arratsaldean, «Peralta, hondarpeko arkeologia historiak» lana emango dute Amaia kultur zentroan, 18.00etan. Mexikoko Guanajuaton, San Jose de Peraltako arkeologia gunean, herrixka prehispaniko bat aurkitu dute ikertzaileek, beste kultura klasiko mesoamerikarretatik bereizita sortu eta garatu zena. Erritu eta jai guneak, «patio hondoratuaren» arkitektura berezia, ehortze-sinesmenak eta hegalariaren zeremoniaren aurrekari antzinakoena dira herrixkaren ezaugarri berezienetako batzuk.

Ekainberri

Hurrengo egunean, ostegunean, «Ekainberri, aterpe berri bat haitzuloetako artearentzat» dokumentala eskainiko dute 21.05ean. Gaur egungo gizarte aurreratuan, teknologia berrien gizartean, prozedura anitzen bidez eta teknika sofistikatuak erabiliz, gizakiak naturaren erreplika bat egin dezakeela erakusten du lan honek, hain zuzen, Ekainberri, Ekain kobazuloaren erreplika, baita gizakiak duela milaka urte metodo oinarrizkoenekin egin zituen pinturak berregin ere.

Ekain, Madeleine garaiko labar pinturengatik ezaguna dena, 1969an aurkitu zuten Andoni Albizuri eta Rafael Rezabal espeleologoek, eta berehala jarri zuten Joxemiel Barandiaran eta Jesus Altuna arkeologoen eskuetan. Ekainek Kuaternarioko arte osoko zaldi multzo perfektuena gordetzen du eta Unescok Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zuen 2008ko uztailaren 7an.

Aralar euskal kulturaren eremu geografiko nagusia da. Meatze gunea izanez, 3.500 urtez bere kobrearen zainak ustiatuak izan dira. Hala, «Euskaldunen Kobrea» dokumentalak Aralartik zehar egindako bidaia proposatzen du, mendilerroko lehen biztanleen garaira eramanez. Proiekzioa bihar izango da 19.25ean. La Hoya herrixkak (Laguardia, Araba) aukera aparta eskaintzen du Burdin Aroko zeltiberiar gizartera hurbiltzeko. Indusketa arkeologikoen emaitzei esker ondorioztatu dute azoka-egun batean eraso bortitza izan zuela. Erasotzaileak ustekabean iritsi ziren, eta etxebizitzak erre eta suntsitu zituzten, baita kaleetan aurkitu zituzten biztanleak hil ere. Gertaera hori 3Dn irudikatu dute «La Hoya herrixkari erasoa» dokumentalean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo