GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Erretiratuak eta pentsiodunak, murrizketak ezarri edo onartzen dituzten alderdien aurka

Pentsiodunen eta erretiratuen zenbait elkartek deituta, ehunka lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Haien eskaerak gizarte justiziak laburbiltzen ditu. Eurentzako eta denentzako gizarte justizia handiagoaren eskaera hori, gainera, beren bizitzaren parterik handiena lanean igaro duten pertsonek egina da, eta ez dute onartzen denbora horrek guztiak nekea ez ezik pobrezia ere utzi izana. Erretiratuak eta pentsiodunak eskarmentu handiko jendea dira, eta eskarmentu horrek eta egun bizi duten egoerak zenbait alderdiren jokaera salatzeko bide eman zien. Atzoko elkarretaratzeetan, pentsioak izoztearen aurka, murrizketa eta erreformen aurka agertu ziren, eta kalitatezko gizarte zerbitzuen eta bidezko fiskalitatearen alde, hala nola euren pentsioak Euskal Herrian erabakitzearen alde; baina, gainera, salatu egin zuten erreforma, gizarte zerbitzuen murrizketa eta zerga politika bidegabe horiek ezarri edo sostengatzen dituzten indar politikoak botoak eskuratzeko baino ez direla pentsiodunez gogoratzen. Inoren aldeko botorik eskatu gabe ere, neurri horiek guztiak indar horiei emandako botoekin onartu dituztela gogorarazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo