Mikel Aramendi Kazetaria
Gaiztagina polizia denean
Mark Kennedy polizia, zazpi urtez gutxienez, 2003tik 2010era, aritu da sistemaren kontrako hainbat mugimendutan infiltratu-salatari lanak egiten, «Mark Stone» ezizena erabilizDmitri G. Bogrov polizia-salatariak Piotr A. Stolipin lehen ministro errusiarra tiroz garbitu zueneko mendeurrena gogoratzearren, edota harez geroztiko ehun urte hauetan lanbide polizialaren atal batzuetan gauzak ez direlako asko aldatu egiazki, Londresko polizia metropolitarrak (han eskuarki the Met eta hemen Scotland Yard deitu ohi denak, alegia), konplituki erakutsi du zein iluna eta nahasia izan daitekeen polizia-lana eta delitu-probokazioaren arteko banalerroa. Baldin eta bi gauza ezberdin badira.
Mark Kennedy polizia, zazpi urtez gutxienez, 2003tik 2010era, aritu da sistemaren kontrako hainbat mugimendutan infiltratu-salatari lanak egiten, Mark Stone ezizena erabiliz. Ez pentsa, ordea, erakunde armatu beldurgarriez edo mundu mailako arrisku omen diren horiez ari garenik, mugimendu antinuklear, bakezale, azpiegitura erraldoien etsai, etxe-okupatzaile edota animalien eskubideen aldeko talde xumeez baizik. Eta ez du, inondik ere, bakarra izan behar Mark infiltratu begiokerrak, haren ezagutzaren harian hizpide izan diren beste dozena erdi bat kasu aintzakotzat hartzen baditugu. Ezta lehenengoa edo lotsagabeena ere. Kennedy-Stone poliziaren kasuak, halere, probokazioa zein mugagabea izan daitekeen iragarri du; eta haren (eta hura bezalakoen; eta, batez ere, haien guztien gainetik daudenen) kopeta noraino irits daitekeen argitaratzen du, alajaina.
Bere «lanbideari» zegozkion probokazio-balentriek urrutiegi eraman eta ataka gaizto samarretan ipini dutelako (herri mugimendu horietako hainbat emakumerekin sexu harremanak -teorian eragotziak lituzkeenak- izateaz gain, auzitegietan behin baino gehiagotan zin faltsuak egin dituelako, bere ezizenaren faltsutasuna britainiar epailearen aurrean ere gordetzearren), bere arduradunek bazter eman eta MPStik kanporatu dutelako, edo berak jakingo du zergatik, Kennedy-Stone hedabideei bere historia kontatzen hasi da. Diru truke, itxura guztien arabera. Edonola ere, jaulki dituenak ez dira makalak. Europako herrialdeetako polizien artean, infiltratu-probokatzaileen «maileguak» funtzionatzen duela eta halakoen delituak estaltzeko konplizitateak mugak gainditzen dituela erakusten duelako, funtsean.
Kopenhageko Ungdomshuset edo «Gazteen Etxe» ezagunaren suntsiketa ahalbidetzeko 2007an egin zuen probokatzaile lana aitortu du, besteak beste, Mark salatariak. «Inteligentzia lana», dio berak. Agian, izen bertsua emango die Alemanian 2004-2009 bitartean egin zituenei, nahiz eta han gutxienez bitan atxilotua izan zen ekintza larriengatik (noski, berehala aske geratzeko, bertako poliziaren laguntasuna medio). Eta, bere «lanbidean» gailena izan dela frogatzeko edo, ekologistaz mozorrotuta 22 herrialde ezberdinetan aritu dela aldarrikatu du. Tartean, Espainian.
Horrelako «zaintza» eta «segurtasun» ardura nekagarriei aurre egin behar dieten polizia-buruak... nola ez dira ba ahaztuko Murdochentzat lan egiten zuen espioitxoari atzemandako milaka paperak arakatzeaz? Edota dendari turkiarrak akabatzen ziharduten psikopata naziak atxilotzeaz?