Estatu frantsesak Josu Esparza Espainiaratzeko agindua eman du
GARA | PARIS
Paueko Apelazio Auzitegiak Josu Esparza Iraizoz euskal militantea Espainiaratzeko agindua eman zuen atzo. «Terrorismoa goratzea» leporatzen diote. Fernando Grande Marlaska Auzitegi Nazional espainoleko epaileak egin zuen euroagindu eskaera.
Polizia frantsesak Esparza joan den irailean atzeman zuen Donibane Lohizunen lehen aldiz, eta Justiziak baldintzapeko askatasunean utzi zuen. Horren ondotik, urrian berriro atxilotu zuten, eta atzera ere aske utzi zuten, baldintzapean.
Poliziak azaldu du horren ondoren ihes egin zuela. Hori ondorioztatzeko eurek ezarritako baldintzak ez dituela errespetatu diote. Baldintza horien artean daude, besteak beste, astean bitan Baionako komisarian agertzea edo bizilekua ez aldatzea. Bidaiatzeko murrizketak ere ezarri zizkioten.
Polizia espainola urtarrilean saiatu zen Esparza atxilotzen, Ekinen kontra egindako operazioan. Amnistiaren aldeko mugimenduko kidea da eta, mugimendu horrek jakinarazi zuenez, urtarrilaz geroztik Baionan eta Hendaian bizi zen, bizitza publikoa eginez.
Defentsa abokatuak Paueko auzitegiaren erabakiaren aurkako helegitea aurkezteko aukera du. Hori egingo balu, auzibidea luzatu egingo litzateke.
Mobilizazioak Iruñean
Iruñeko Txantrea auzoko bizilaguna da Esparza. Azkenaldian mobilizazioak egin dituzte auzotarrek Esparzaren eskubideak errespetatuak izan daitezen eskatuz. Urriaren 30ean egin zuten azkena, eta ehunka lagunek hartu zuten parte manifestazioan. Jazarpen politikoa amai dadila eskatu zuten eta, bereziki Josu Esparza gaztearen egoera salatu zuten.