Urruñako eta Goierriko ikastolak, aurten ere elkartasunaren sokaz elkarri lotuta
Arantxa MANTEROLA | URRUÑA
Urruñako ikastolak «nagusien» izaera hartu du ikasturte honetan. Ehun ikasleko kopurua (laster 110) gaindituta eta eraikin zaharrari gehitutako egoitza berriarekin, «jada ez gara ikastola txiki bat» adierazi zuen atzo Patrick Larrondo presidenteak, horrek kudeaketan eta antolakuntzan ardura handiagoa eskatzen duela nabarmenduta.
Ikastola handitzeak 700.000 euroko kostua izan du eta barne-ekipamenduak beste 50.000 euro. Erakundeen laguntza izan duten arren, diru-zama handia dela gaineratu zuen Larrondok.
Aspaldiko lankidetza
Horri aurre egiteko, bai Urruñako ikastolak bai Ziburuko kolegioak (210 ikasle) aspaldiko lagun dituzten Hazia elkartea eta Beasain, Lazkao eta Ordiziako ikastolekin urtero egiten dituzten ekimen bateratuetan parte hartzeak berebiziko garrantzia izango du aurten.
Azaroaren 27an, 16.30ean, Urruñako kiroldegian kantaldia izango da (Imanol Kantatuz) eta urtarrilaren 8an Ordizian, Pirritx eta Porrotxen ikuskizuna. Bi ekitaldi horietan bildutakoa Lapurdiko bi ikastetxe horien beharrak asetzeko lagungarri izango da.