Amaiurrek herritarren beroa berreskuratu du
Aspaldi ez bezala, joan den larunbatean Anoetako belodromoa jendez mukuru ageri zen hauteskunde ekitaldi batean, «belodromoko erronkari» eutsi dion indar politiko bakarraren ekitaldian, hain zuzen. Ez zen, jakina, Amaiurren mitin politiko bakarra, ikusgarrien eta jendetsuena baizik. Izan ere, ezkerreko independentisten eta subiranisten koalizioak 240 ekitaldi egin ditu kanpaina honetan eta, herritarren parte-hartzea ikusita, ezin uka aspaldiko partez hauteskunde kanpaina batean sumatzen ez ziren ilusioa eta esperantza piztea lortu duela. Belodromokoaz aparte, 42.ooo lagunek parte hartu dute Amaiurren ekitaldietan; hortaz, esan liteke koalizioaren erronka «gizartearekiko zubia eraikitzea» izanda, bide onetik doala, aspaldian bezala haren mitinen osagai nagusia jendetzaren beroa izan baita, hautesleria konprometitu baten erakusgarri. Azken urteetako hauteskunde kanpainak, aldiz, bestelako joera baten erakusgarri izan dira, oraingoan Amaiurrek berreskuratu duen ezaugarri hori galduz joan baita eta ekitaldiak hizlari baten inguruko jende multzo txikira murriztu baitira. Tristea da inolako ilusiorik sortzen ez duten, sinesgarritasunik ere ez duten alderdiek herritarrengan eragiten duten etsipena. Hala ere, haietako batzuek boto asko eskuratuko dituzte, alternatibarik sumatzen ez duten ilusiorik gabeko herritarrenak.