GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Irati Jimenez | Idazlea

Dena emakumea euskal literaturan

Egin dezadan lehenik eta behin haserrearen aitortza: ez zitzaidan gustatu «Argia»-k Uxue Alberdi idazle eta bertsolariari egindako elkarrizketa (2011-11-06). Hona galderetako batzuk: «Egun berezia da gaurkoa: Erasmus belaunaldiko idazle bat elkarrizketatzen dudan lehen aldia da»; «azkenaldian Elkar argitaletxean denak zarete emazteak, eta gazteak, eta ederrak»; «ez du makala behar euskal Brangelina izateak». Elkarrizketatzaileak, Aritz Galarragak, «Deabruaren abokatua» izeneko atala sinatzen du, beraz, irakurleak normaltzat hartu beharko lituzke galdera zirikatzaileak. Are gehiago: Sarean jendeak utzitako iruzkin gehienek argi erakusten dute normaltzat hartzeaz harago, askok txalotu egiten dituztela. Uxue Alberdiren erantzunak, ostera, batzuei gogor, ulergaitz edo harroputz iruditu zaizkie. «Eta? [Erasmustarrak] dioten bezain politak, atseginak, sinpleak eta emakumeak al gara?»; «Zertan saiatu aitorpen intelektualaren bila? Emakumea naiz».

Nik erraz ulertu nituen erantzunak eta mindu egin nintzen, ostera, galderetako batzuekin. Ez naiz, aitor dut, «Deabruaren abokatua»-ren eta antzeko kazetaritza ereduen zale. Elkarrekin baino gehiago, elkarren aurrean jartzen ditu elkarrizketatu eta elkarrizketatzailea, eta ez naiz eragiten duen aurrelari-atzelari jokoaren zale. Meriturik izatekotan, kazetaritza eredu horrek asmamenarena eta ausardiarena luke. Galdera ezohikoak egiten zaizkio elkarrizketatzaileari, eta zirikadaren amuarekin, egiaren mamia bortxatu nahi zaio. Kazetariaren aldeko desorekak deseroso jarri ohi nau, ostera. Nahiago dut, beste adibide bat kontrajartzearren, «Argia»-n bertan Uxue Alberdik Xabier Mendiguren editore eta idazleari egin zion elkarrizketa (2010-11-19). Talde txikietan baino aipatzen ez diren kontuak jarri zizkion Alberdik mahai gainean (Elkarren boterea, euskal literaturaren «kuadrilla» sistemak, Mendiguren parodiatu duten fikziozko lanak, idazleen egoak...) eta eredugarri aritu ziren, nire ustez, bata zein bestea. Hala ere, egon egon behar dira Galarraga vs. Alberdi zaleak, Alberdi / Mendiguren zaleak gauden bezala. El Follonero gustuko dutenak ere badira, nahiz eta ez dakidan Euskal Herriaz ari denean ere gustatzen zaien.

Azken batean, kazetaritzari buruzko eztabaidak kazetarioi soilik interesatzen zaizkigulakoan nago, eta ez da tonua edo galdetzeko era eztabaidatu nahi dudana, galderen oinarrian dauden aurreiritziak baino. Euskal literaturaren azken mito misoginoa uste faltsu eta mingarriekin elikatzera datoz, eta uste horiei mila aldiz erantzun zaien arren, hona mila eta batgarrena.

Gezurra da Elkarreko idazle guztiak aspaldi honetan emakume, gazte eta eder direnik edo garenik. Datuen argitara gezur harrigarria da, gainera. Hona hemen Elkarrek urrian argitaratutako idazleen zerrenda: Markos Zapiain, Rafa Egiguren, Hasier Larretxea, Santi Leone, Eugenio Arozena, Joxean Agirre, Joan Mari Irigoien, Xabier Artola Zubillaga eta abar. Hona hemen Elkar dendetan urrian gehien saldu diren egileen izenak: Joseba Sarrionandia, Iñaki Irasizabal, Joan Mari Irigoien, Alberto Ladron Arana, Mikel Hernandez Abaitua, Rafa Egiguren, Markos Zapiain, Arantxa Urretabizkaia, Joxean Agirre, Irène Nèmirovsky.

Beraz, esan dezagun beste behin: Euskal literaturan edo Elkarren ez da dena emakume, gazte eta eder. Euskal literaturan edo Elkarren ez da gehiena emakume, gazte eta eder. Elkarren gehienak gizonak dira. Alberdanian gehienak gizonak dira. Txalapartan gehienak gizonak dira. Eta, horrenbeste gauzatan eredugarri den Susak... gizonezkoen elkarte gastronomikoa dirudi, ia-ia.

Diotenez, % 15 inguru gara emakumeak euskal literaturan, ezta hamarretik bi ere. Lehen zirenak baino gehiago, duda gabe. Lehen ez baitziren, gero hiru-lau ziren, eta orain iritsi gara gure kuota txikira: % 15. Eta, hala ere, egin bilaketa laburra sarean eta ikusiko duzue nola zabaldu den emakume-uholdearen mito hau. Nola liteke? Zer pentsamendu bitxi eta ulertezinek daramate horrenbeste jende, daramate horrenbeste kazetari, euskal literaturan aspaldi honetan emakumea baino ez dagoela pentsatzera? Nola eman zaio egiantza hain biribil gezurra denari? Nor izan zen lelokeria hori esaten lehena? Nork bihurtu zuen gero emakumeoi galdeketa egiteko erabiltzen den salaketa? Pentsa zer gertatuko litzatekeen esango bagenu «Argia»-n idazten duten denak direla gizon, gazte eta eder. Aritz Galarraga, Unai Brea, Gorka Bereziartua, Beñat Sarasola... Pentsa idatziko bagenu «Argia Belaunaldia» manifestua. Eta «Argiako gizon gazteen belaunaldia» erreportajea. Eta «Gizonezkoen euskal kazetaritza berria» artikulua. Eta «Zer dakar gizonezkoen kazetaritzak?» iruzkina. Pentsa galdetuko bagenie etengabe zer antzekotasun dituen haien kazetaritzak. Pentsa ildo horrekin bat etorri ez eta azkenean haserretu, amorratu edo ernegatu egiten direla. Eta guk harroputzak deitzen diegula, gogorrak, arrakastaren biktimak. Zentzugabea da ala zentzugabea baino okerragoa den zerbait?

Egia esango dizuet: halakoak entzuten hasi nintzenean, ez nien garrantzirik eman. Gero sortu zen Erasmus Belaunaldiaren kontua (literatura azalekoa, modernotxoa...). Literatur kritikari batzuek erasmustar seinalatu gintuzten ni neu, Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Iratxe Esnaola eta beste batzuk, urte biren tartean «antzeko» eleberriak idatzi genituelako (desmuntatu beharreko gezurra, hori ere). Denok emakumeak ginenez, emakumeek egindako liburua egin genuen orduan eta Orgasmus deitu, kontuari buelta ematearren. Tori liburua, umorez eta erotismoz. Hori ere, ostera, batzuei gaizki iruditu zitzaien. Beñat Sarasola kritikaria, Erasmus Belaunaldiaren kontra gogor jo zuena, belaunaldi horretako jo zitekeen eleberria argitaratu baino nahiago zuela zakarretara bota esan zuen berbera, kexatu egin zen ez genuelako liburura gonbidatu. Horrela ziharduen bere blogean emakumez soilik osatutako bildumari buruz: «Gure arteko feminismoaren zenbait aldeztailerentzat emakume izatea gauza berezi, berezko, misteriotsu, ezin azalduzko eta sekretuzkoa da, gainontzeko mundutarrok -emakume ugarik barne- ulertu ezin duguna». Apur bat misteriotsua bada, bai. Gizartearen begietara ugaldu egiten gara agertze hutsarekin. Ez da misterio txikia. Horixe esan behar nion, akaso, Sarasolari. Ez nion erantzun. Gero, eta horri ere ez nion erantzun, emakumeok best-sellerak egiteko erabiltzen gaituen marketing estrategiaz hitz egin zuen «El Correo»-k, eta Orgasmus jarri zuen azken adibide. Inoiz ez zen Orgasmus salduenen artean agertu, baina mitoek ez du daturik behar elikatzeko. Sasoi berean, ni baino gazteago den idazle gizonezko batek zera bota zidan: edozer argitaratu ostean emakume bati zutabe bat ematen zaiola, gizonezkoei, aldiz, ez.

Upela beteta zegoen, beraz, «denok zarete emazte...» galdera etorri zenean. Mitoak hazten jarraitzen duen seinale baita, beste behin. Seinalatu egin beharko da, beste behin, euskal literaturaren gela txikian dagoen elefante matxista. Eta salatu emakumeoi aukera gutxi ematen zaigula eroso sentitzeko. Geure artean liburua egiten bada, baztertzailea da. Zirikatu gaituenari zirikadaz erantzuten badiogu, harroputzak gara. Gutxiengoa izanik gehiengoa garela esaten dute eta ezin diogu erantzunik eman oldarkor edo biktimista agertu gabe. Botako digute lorea eta ustela dela badiogu, asmatzerik ez dagoela leporatuko digute. Eta, jakina, matxismoa salatzen badugu, ukatu egiten zaigu halakorik dagoenik.

Aitak beti jartzen duen adibidea erabiltzeagatik: Jesus Gil y Gil mafiosoak behin Amsterdamgo futbol taldeko jokalariei buruz esan zuen ea nondik ateratzen zen horrenbeste beltz. Arrazista deitu ziotenean, berak ezetz. Ezer ez zuela beltzen kontra, jakin-min objektiboa baino ez, ea nondik atera ziren beltz haiek guztiak. Orain berdin, hemen inor ez da matxista, baina jakin nahi lukete nolatan dauden hemen horrenbeste emakume.

Hemen, gizonen klub historiko honetan. Non denok bete behar ditugun arauak, nahiz eta ez ditugun guk egin. Ikasi genituela uste genuen, eta etengabe aldatzen dizkigute. Bego. Baina ez diezaiogun iruzur horri egiantza eman.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo